Basque Country kamisetea aurten be New Yorkeko maratoian
2015-10-05 17:35 KultureaDatorren zemendiaren 1ean nazinoarteko kirol proba ospetsu horretan parte hartzeko asmoa daben euskal kirolariek Basque Countryren ordezkari lez korrika egiteko aukerea izango dabe, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritza, Euskadiko Atletismo Federazinoa eta Euskadiren AEBetako Ordezkaritzearen arteko lankidetzeari esker.
Aurten barriro be, Basque Country kamisetea New Yorkeko Maratoian izango da. Datorren zemendiaren 1ean nazinoarteko kirol proba ospetsu horretan parte hartzeko asmoa daben euskal kirolariek Basque Countryren ordezkari lez korrika egiteko aukerea izango dabe. Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritza, Euskadiko Atletismo Federazinoa eta Euskadiren AEBetako Ordezkaritzearen arteko lankidetzeari esker sortu da aurten barriro be ekimen hau.
Kirol proba horretan parte hartzeko izena emonda egon, eta New Yorkeko kaleetan zehar soinean Euskadiren kamisetea dabela korrika egin nahi daben atleta guztiak, uri horretan urriaren 31n, zapatuan, izango dan harrera ekitaldi batera joateko gonbidauta dagoz. Bertan, maratoian korrikalari izango diran beste euskal kirolari batzuk ezagutzeaz gan, Euskadiko Atletismo Federazinoak maratoi honetarako aurten diseinau dauen kamisetea jasoko dabe. Era berean, ikurriñak be emongo jakez, korrikalariek eurek –holan gura badabe- lasterketan eroan deiezan, edo senitarteko nahiz lagunek ibilbidean zehar kirolariak animau deiezan.
Harrera ekitaldira joan nahi daben atletek euren datuak bialdu beharko ditue (izen-abizenak, e-posta helbidea, telefonoa, bizilekua, eta larrialdietarako harreman-bidea) honako helbide elektroniko honetara: fvaeaf@euskalnet.net Izena emoteko azken eguna 2015eko urriaren 20a izango da, martitzena.
Ekimen hau Euskadin bizi diran kirolariei dago zuzendua, bai eta munduko edozein bazterretan bizi diran euskal diasporako kideei be, baldin eta New Yorkeko maratoian korrika egiteko izena emonda badagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!