XXXVI. Santurtziko Antzerki Jaialdia urriaren 23an hasiko da
2015-10-01 15:38 KultureaAurtengo jaialdia urriaren 23tik zemendiaren 28ra bitartean egingo da eta antolatzaileek hogei ikuskizunez osotutako programazinoa atondu dabe, aurten danon eskura, izan be, Santurtziko Antzerki Jaialdiak prezio merkeen alde egindako apustuari esker, abonu bat jarriko da salgai 85 euroan antzezlan guztiak ikusteko, umeentzako ikuskizunak izan ezik.
Gaur goizean, Santurtziko XXXVI. Antzerki Jaialdiaren aurkezpena egin dabe Bilbon Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak, Danel Bringas, Serantes Kultur Aretoko programatzaileak eta Gonzalo Olabarria, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak. Aurtengo jaialdia urriaren 23tik zemendiaren 28ra bitartean egingo da eta antolatzaileek hogei ikuskizunez osotutako programazinoa atondu dabe, aurten danon eskura, izan be, Santurtziko Antzerki Jaialdiak prezio merkeen alde egindako apustuari esker, abonu bat jarriko da salgai 85 euroan antzezlan guztiak ikusteko, umeentzako ikuskizunak izan ezik. Horixe da jaialdiaren ezaugarrietako bat, hasiera-hasieratik makina bat laguni Taliaren Artea gozetako aukerea emon deutsena. Ganera, aurten kale-antzerkiko egitaraua potoloagoa izango da, 2000ko hamarkadearen hasierako urteetan arrakasta handia izan eban formatua berreskuratuz, guztiz doban.
Kontuak kontu, jaialdia Kale Free kale-antzerkiak jarriko dau abian urriaren 23an. Egun horretan eta hurrengo bietan (urriaren 23, 24 eta 25ean) jarduera-formatu honetako ikuskizunakaz gozetako aukerea egongo da, eta bertan umorea, trebetasun fisikoa eta musikea izango dira protagonista nagusiak.
Kale Free programeak Gernika Parkea izango dau topagune eta gure jaialdian formatu hau jorratu dan guztietan legez, aurten be kalean hamaika ikusle batzea da asmoa, zerupean eskainiko diran ikuskizun horreekaz disfrutetako.
Beste alde batetik, italiar erako antzerkia Serantes Kultur Aretoan ikusi ahal izango da, eta bertan umeentzako 4 antzezlanez gan, helduentzako bederatzi ikuskizun egongo dira, danetariko generoak tarteko izango dirala, nahiz eta komedia izango dan nagusi.
Programautako konpainietako bat Portugaletik etorritako Cahpitó konpainia da, Santurtzin ondo ezaguna bera eta Macbeth originala eskainiko dabe. Ez da estrainaldi bakarra izango, ostera, urriaren 25ean Gorakada Konpainiak azken produkzinoa Moby Dick antzeztuko dauelako lehenengoz eta horrezaz gan, beste zortzi ikuskizun lehenengoz ikusteko aukerea izango da Euskadin, besteak beste, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga bikotearen Kreditua izeneko lana.
Bestalde, Euskadiko antzoki publikoetako programatzaile guztiak jaialdian bertan egingo dan bilera batean alkartuko dira ohiko asanbladan, gure erkidegoko antzoki publikoen jarduerakaz lotutako hainbat gai jorratzeko helburuagaz.
XXXVI. Santurtziko Antzerki Jaialdiaren egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!