Bidaiak protagonista, IX. GetxoPhoto Jaialdian
2015-06-18 15:17 KultureaBegihandi kolektiboak antolatuta, datorren irailaren 3tik urriaren 4ra arte IX. GetxoPhoto Nazinoarteko Argazki Jaialdia egingo da, oraingo honetan Bidaiak gaia ardatz hartuta.
Datorren irailaren 3tik urriaren 4ra arte IX. GetxoPhoto Nazinoarteko Argazki Jaialdia egingo da, oraingo honetan Bidaiak gaia ardatz hartuta. Hogei erakusketek, gehienak eremu publikoetan, herrialde desbardinetatik etorritako egileek eta profesionalek, eta parte hartzeko hainbat jarduerek, horreetako asko ezohiko formatuetan, osotzen dabe egitarua. Gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu dabe egitaraua, Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendariak, Imanol Landa Getxoko Alkateak eta Unai Rementeria Presidentziako foru diputaduak.
Imanol Landak, ekimenaren antolatzailea dan Begihandi kolektiboari eskertu deutsoz bere lana eta bederatzi urtez jarraian egindako esfortzua, eta nabarmendu dau Getxophoto udan udalerriak dauen kultur eskaintzearen barruko jarduerea dala. Jaialdirako, Udalak 100.000 euroko diru-laguntzinoa emon dau. Getxophoto ezinbesteko hitzordua da, ez gure udalerriko eta Bizkaiko panorama kulturalean bakarrik, nazinoarte mailako ezagutza eta dibulgazinozko kultur ekitaldia bihurtu baita dagoeneko. Era berean, udalerriko sustapen ekonomikoa eta turistikoa bultzatzeko beste ekintza bat gehiago da. Eta hori baieztatzeko gogoratu behar dogu igaz 75.000 lagun inguruk gozau ebela argazki instalazinoakaz, jaialdia sortu zanetik batutako jente kopuru handiena. 2014an, 21 erakustaldi egon ziran, 20 artistek eta 20 profesional konbidaduek parte hartu eben. Danetara, 11 jarduera paralelo egin ziran eta hiru gau proiekzino programau ziran. Aretoetan 15.000 bisitaldi zenbatu ziran, informazino guneak 3.000 bisita baino gehiago jaso zituan eta webguneak 40.000 bisitari jaso zituan.
Presidentziako foru diputatua dan Unai Rementeriak, bere aldetik, Begihandi alkarteak azken bederatzi urteetan Getxophotoren antolakuntzan egin dauen lana goraipatu nahi izan dau eta, gehitu dauenez, Kulturea auzolanean egin behar dogun gauza bat da eta lan hori aurrera eroan ahal izateko ezinbestekoa da alkarteek egiten daben lana.
Christian Caujolle, komisarioa
Christian Caujolle ospe handiko kritikari frantsesa izango da jaialdiaren komisarioa, hirugarren urtez jarraian. Aurtengo gaia, Bidaiak, Beste mundu batzuk izeneko hiru urteko programearen hirugarren zatia da, 2013an, Ametsak proposamenagaz hasi zana eta 2014an Borrokak izenekoagaz jarraitu ebana. Oraingo honetan, dino Jokin Aspuruk, Getxophotoren zuzendariak, jaialdiak kontauezinak diran egungo bidaiek atrapau edo erakarritako argazkilariak hurreratuko ditu, besteak beste, argazkilari bidaiazaleak. Aldizka, analistak, lekukoak, poetak, ikertzaileak edo ameslariak mundu osotik etorriko dira euren argazkiakaz.
16 egile
Orain arte, Jaialdiak Dominikar Errepublikako, AEBetako, Bulgariako, Frantziako, Espainiako, Erresuma Batuko, Suitzako, Txinako, Errusiako, Tailandiako eta Kanbodiako profesionalen parte hartzea baieztatu dau, besteak beste, Magnum agentziako Paul Fusco, Reinaldo Loureiro, Alejandro Cartagena, Jesus de Echebarria eta Clement Briend.
Erakusketak irailaren 3tik urriaren 4ra arte egongo dira zabalik, batez be gune publikoetan, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera artekoetan. Artean, goiko aldean aretoko erakusketak egongo dira. Jarduera nagusiak Jaialdiko lehenengo astegoienean izango dira, hau da, irailaren 3tik 6ra. Begi Handi kolektiboak, besteak beste, Getxoko Udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa dauka jaialdia antolatzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!