Omar Rodríguez da Silva, Bilbao Arte Fundazinoaren artista konbidadua
2014-06-30 11:09 KultureaOmar Rodriguez da Silva Bilbao Arteko artista konbidaduak bere pinturak erakutsiko ditu garagarrilaren 2ra arte, Urazurrutiako 32an kokatuta dagoan arte-zentro bilbotarreko Kristalezko patioan, Amazonas, beso irekiekin izeneko erakusketan.
Omar Rodriguez da Silva Bilbao Arteko artista konbidaduak bere pinturak erakutsiko ditu garagarrilaren 2ra arte, Urazurrutiako 32an kokatuta dagoan arte-zentro bilbotarreko Kristalezko patioan, Amazonas, beso irekiekin izeneko erakusketan. Ikusgai jarriko dituan lanetako asko Bilbao Arten azken hileotan egindako lanaren emoitzea dira, eta bertan jarraituko dau garagarrilera arte. Edozeinek erosteko moduko paisaje amazonikoak dituen koadroak dira, Omarrek sorleku izan eban oihana babeste asmoz pintautakoak.
Amazoniaren erdian, Peru eta Brasilekiko mugatik hur dagoan Leticia urian (Kolonbia) 1968an jaiotako tikuna indigena hau artista plastiko autodidaktea da, bere herrian ondo merezidutako ospea lortu dauena. Omar Rodriguezek koadroak be ekarri zituan Bilbora, Kolonbiako Kongresuan ikusgai egon zan Amazorinoquia izenburuko sailari jagokozanak, eta horreek be erakusketa honetan ikusi ahal izango dira.
Bilbao Arteko erakusketarako, neurri desbardinetako lanak batu ditu, mihisean pintautakoak. Amazoniako flora eta faunaren edertasuna errealismo parebakoaz islatzen daben paisajeak dira. Zuhaitzak, guakamaioak, pirañak edo tukanak zehaztasun handiz dagoz pintatuta eta eskua luzatuz ikutu daitekezala emoten dau. Omar Rodriguez sail barri bat (Imaginación) atontzen dago Bilbon, kasu honetan hostorik bako arbolak erakusten dituana. Honen bidez, artisteak jentearen atentzinoa erakarri nahi dau, ez daigula inoiz Amazonia holan ikusi. Herri indigenak gara oihanaren babesleak, beti jagon izan dogu, baina ahaztuta bizi gara eta bizirik iraun nahi dogu, azaldu dau Omar Rodriguezek. Beti esaten da Amazonas munduaren birika dala eta jagon beharra dagoala, baina inor ez da konturatzen gu hantxe bizi garela eta preminak daukaguzala. Urez inguratuta bizi gara, baina ez daukagu edateko urik, eta ospitale bat be behar dogu amazoniarrak jagoteko. Zoruan urrea eta ikatza dagoz eta ezin doguz ustiatu, baina gobernuek atzerriko enpresen laguntzaz ederto ustiatzen dabe oihana, nabarmendu dau Rodriguezek, artearen bidez leku guztietara helarazoteko moduko mezua lantzen dauen bitartean.
Hauxe da Omar Rodriguezek Bilbao Arten aurkeztu dauen bigarren erakusketea, martitik aurrera bertan artista konbidadu lez lan egin ondoren. Apirilean, Amazonas Bilbon erakusketea aurkeztu eban. Orain, bere pintura Bilbao Arteko Kristalezko Patiora itzuli da, Amazonas, beso irekiekin izenburupean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!