Leioako Umore Azokeak 40.000tik gora ikusle batuko ditu datozen egunotan

Bizkaie! 2014-05-15 12:59   Kulturea

Maiatzaren 15tik 18ra, Umore Azokan 120 emonalditik gora ikusteko aukerea egongo da; 43 konpainiek 45 ikuskizun aurkeztuko ditue eta horreetatik 6 nazinoartekoak izango dira, Argentina, Frantzia eta Holandatik datozenak; 24 estadukoak, Aragoi, Asturias, Gaztela-Leoi, Katalunia, Valentzia Erkidegoa eta Murtziakoak, eta 13 euskal konpainia.

Gaur, hilak 15, hasiko da Umore Azokea 2014, arte eszenikoen hitzordu handia dan Leioako Kaleko Artisten Azokea. Gaur hasi eta datorren domekara, maiatzaren 18ra, bitartean, arte eszenikoetako 300dik gora adituk eta 40.000tik gora ikuslek parte hartuko dabe Umore Azokan, guztien parte-hartzea bultzatu eta kale topaketea, sormen eta dibersinoarako tokia bilakatzen dan topagunean.

Maiatzaren 15tik 18ra, Umore Azokan 120 emonalditik gora ikusteko aukerea egongo da; 43 konpainiek 45 ikuskizun aurkeztuko ditue eta horreetatik 6 nazinoartekoak izango dira, Argentina, Frantzia eta Holandatik datozenak; 24 estadukoak, Aragoi, Asturias, Gaztela-Leoi, Katalunia, Valentzia Erkidegoa eta Murtziakoak, eta 13 euskal konpainia.

Formato txiki zein handikoak, antzerki, jantza, zirku eta musika lanak, performantzeak... Lau egunetan zehar ikuslegoak kalidade handiko ikuskizunek osotutako egitarau heterogeneoaz gozetako aukerea izango dau, eta arte eszenikoen gaur egungo egoerea zein dan ezagutuko dau.

Ikuskizun horreetako asko Leioan estreinauko dira. Danetara, 18 estreinaldi aurreikusita dagoz, tartean 8 euskal konpainienak eta 10 estaduko taldeenak; horrezaz gan, nazinoarteko 5 taldek lehenengoz erakutsiko ditue euren lanak.

Publikoak eta arte eszenikoetako profesionalek gozau, lan egin eta esperientziak trukatzeko aukerea be izango dabe, holan kaleko arteen garapen industriala sendotuz, merkaturatzea bultzatuz eta ikusleei erakutsiz kaleko artistek gizarteari egiten deutsien ekarpen itzela. Horregaitik, emonaldiez gan, Umore Azokeak bestelako jarduerak be antzolatzen ditu: formakuntzako tailerrak, parte-hartzeko lehiaketak edota beste arte disziplinetakoak diran erakusketak, besteak beste.

Kontuak kontu, maiatzaren 16an, barikuan, eguerdiko 12:00etan Mendibile jauregian egingo dan Umore Azoka 2014ko Harrera Ofizialeko ekitaldia. Bertan, 2013ko Umore Azokako Sariak banatu eta aurtengo Umore Azoka Sari Berezia ezagutarazoko da.

Igaz Ertza konpainiaren 4x4 lanak irabazi eban Euskadiko ikuskizun onenaren Umore Azoka Saria eta Compagnie Daad holandarraren La cuisine macabre lanak Ikuskizun onenaren Umore Azoka Saria. Fet a Mà katalanen Swap! lanak, barriz, Umore Azokearen Aitamen Berezia jaso eban.

Informazino gehiago eta egitaraua ikusteko klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu