Nazinoarteko egileen 40 film proiektauko ditue Bilbao Mendi Film Festival jaialdian, abenduaren 13tik 22ra

Dabi Piedra Robledo 2013-11-29 14:29

Euskadin betidanik egon da mendirako zaletasuna, aitatu dau Eduardo Martinez jaialdiko presidenteak. Martinezek azaldu dauenez, 9.400 leku egongo dira guztira lehiaketako pelikulak ikusteko. Euskalduna Jauregian, BBK Salan eta Alondigan proiektauko dira. Martinezek aurreratu dauenez, 27 herrialdetatik etorritako 40 film lehiatuko dira.

Mendiaren eta abentura kirolaren inguruko pelikulei eskainitako jaialdiak 6. ekitaldia beteko dau eta, antolatzaileen arabera, urian ondo finkatutako eta nazinoartean ospea hartu dauan hitzordua da dagoeneko. Aurten, aurrekontua handitu dabe, Jabi Baraiazarrak gidatutako lantaldeak babesle gehiago lortu ditualako. Abenduaren 13an hasita, Bilboko areto ugaritan ikusi ahal izango dira parte-hartzaileen lanak eta, horrezaz ganera, erakusketak, mendiagaz lotutako jarduerak eta proiekzino bereziak egongo dirala aurreratu dabe.

Euskadin betidanik egon da mendirako zaletasuna, aitatu dau Eduardo Martinez jaialdiko presidenteak, jentea orain dala hamabost egun hasi jaku galdezka noz ipiniko doguzan sarrerak salgai. Martinezek azaldu dauenez, 9.400 leku egongo dira guztira lehiaketako pelikulak ikusteko. Euskalduna Jauregian, BBK Salan eta Alondigan proiektauko dira. Martinezek aurreratu dauenez, 27 herrialdetatik etorritako 40 film lehiatuko dira, 120 proposamen jaso genduzan eta aproposenak aukeratu doguz, mendiaren eta abentura kirolen aniztasuna erakusteko asmoz. Epaimahaia bost lagunek osotuko dabe, Kanadatik etorritako Bernadette McDonald buru. Abenduaren 20an emongo ditue jakitera irabazleen izenak eta 22an, BBK Salan, saritutako lan guztiak bata bestearen atzetik emongo ditue. 15.000 euro banatuko dira saritan, gure erako jaialdien artean, munduan hirugarrenak gara sarien zenbatekoari jagokonez, aitatu dau Martinezek.

Bilbao Mendi Film Festival zinemaldia baino gehiago da, mendiaren kulturea zabaltzeko ahalegin zabala da, adierazo dau Bizkaiko Foru Aldundiko Gonzalo Olabarriak. Kontuak kontu, jarduera osogarri ugari izango dira abenduaren 13tik 22ra. BBK Salan, Sebastian Alvaroren erakusketea ipiniko dabe eta, Errekalde Aretoan be, mendiagaz lotutako irudiak ikusi ahal izango dira. Era berean, Bilboko metroko geltoki batzuetako korridoreetan, argazki ikusgarriak ipini ditue egunotan. Bestelako jarduera batzuk be egongo dira, mendiagaz edo abentura kirolagaz lotutako adituek egingo dituen berbaldiak adibidez. Mendiko argazkigintza tailerra, lasterketetarako tailer praktikoa eta gazteentzako film laburren proiekzinoa be aitagarriak dira. Halandabe, antolatzaileek ez dabe zehaztasun handirik emon, sorpresa pare bat egongo dirala aurreratu geinke, esan dau Eduardo Martinezek.

Lehiaketatik kanpo, abenduaren 18an Euskalduna Jauregian, Terre Magellaniche filma emongo dabe, Alberto Maria de Agostinik 1933an egindako filma. Txile eta Patagoniako lurralde urrunetan 1915 eta 1930 artean Agostinik egindako grabaketak erakusten dira. Pelikula mutu hori konpondu egin dabe eta, Bilbon, filmari laguntzeko beren-beregi konposatutako musikeagaz entzun ahal izango da, zuzenean jotako musikea hain zuzen. Torinoko mendi filmen jaialdiaren laguntzinoagaz, Bilbon disfrutau ahal izango da balio historiko handiko pieza zinematografiko berezi hori.

Jaialdiak gaitasuna dauka jentea urira erakarteko, azpimarratu dau Marta Ajuria Bilboko Udaleko zinegotziak, eta uri osora, herritar guztiei zabaltzeko bokazinoa be badauka. Jon Redondo Jaurlaritzako kirol zuzendariak, barriz, nabarmendu nahi izan dau, Mendi Film Festival kulturea eta kirola buztartzeko lanean erreferente bihurtu dala. Euskereari emoten jakon tratu ona be gogoan izan dau Redondok, kanpotik datozanek euskerea ezagutzea ahalbidetzen dau. Bizkaiko Foru Aldundiko Gonzalo Olabarriarentzat, aldiz, “mendian dagozan baloreak zabaltzeko egokia da jaialdia, hau da, helburuak norbere ahaleginaz eta pixkanaka beteten joatea, talde lana, kideari laguntzea. Olabarriak ganeratu dauenez, umeek mendia era atseginean ezagutu eta zaletasuna hartu daien lan handia egiten dabe antolatzaileek. Aitatu behar da, Bilbao Mendi Film Festivalen egitarau ofizialean ez badago be, abenduaren 22an Pagasarrira martxa tradizionala egingo dala, urtero legez. Lotura handia dauka martxeak jaialdiagaz eta horregaitik, Bilbao Mendi Film Festivalen antolatzaileek hara joateko konbita zabaldu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu