'Shanti Andia 'Ausarta' euskal itsasgizona' Ramon de Zubiaurreren lan ezaguna ikusgai, Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2013-09-18 14:46   Kulturea

Ramon de Zubiaurrek 1924. urte inguruan pintautako Shanti Andia 'Ausarta' euskal itsasgizona da Bilboko Arte Eder Museoko Obra Konbidau barria. Madrilgo Reina Sofia Museotik ekarri dabe, eta urtarrilaren 5era arte egongo da ikusgai.

Ramon de Zubiaurrek 1924. urte inguruan pintautako Shanti Andia 'Ausarta' euskal itsasgizona da Bilboko Arte Eder Museoko Obra Konbidau barria. Madrilgo Reina Sofia Museotik ekarri dabe, eta urtarrilaren 5era arte egongo da ikusgai.

Pio Barojaren Shanti Andiaren kezkak liburu ezagunaren ilustrazinoa dau oinarri Zubiaurreren lanak. 1911. urtean argitaratu zan lehenengoz nobelea. Barojaren heldutasun sasoiko eleberria da, itsasoari buruz idatzitako lehenengoa.

Ramon de Zubiaurreren beharrik entzutetsuenetakoa da, izan be, 1924an bere ibilbide artistikoko saririk garrantzitsuenetakoa lortu eban horri esker: Madrilgo Arteen Erakusketa Nazionaleko lehen mailako dominea.

Koadroa museoko eraikin zaharreko 31. aretoan dago erakusgai, eta, bertan, Zubiaurrek berak egindako beste hainbat lan be badagoz. Sortzaile bizkaitarrak gai eta interes ugari zituan. Shanti Andía 'Ausarta' euskal itsasgizona postinpresionismoko estiloan egin eban; barriz, Bilboko Arte Ederren Museoarenak diran Nire arreba Pilarren erretratua (1911) eta Nire herrixkako intelektualak (1912-1913) lanek, erretratu familiar baten sinbolismo fina irudikatzen dabe, ironia esanguratsuaz ikusita.

Ramón de Zubiaurrek (Garai, Bizkaia, 1882- Madril, 1969) Madrilgo San Fernandoko Akademian izan eban bere lehen ikasbidea. Paisajista lez izan eban lehenengo etapearen ostean, erretratugintzeari ekin eutson, eta makinatxu bat bezero lortu zituan. Valentin anaia nagusiaren antzeko ibilbidea egin eban, baina Ramon pintore ausartagotzat eta modernoagotzat jo izan dabe adituek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu