Getxophotoren 'Amesak' eguenetik aurrera izartuko dira

Bizkaie! 2013-08-27 15:48   Kulturea

Amesak ardatz hartuta, Christian Caujolle izen handiko kritikalaria komisarioa dauen Jaialdian, mundu osoko 17 argazkilarik hartuko dabe parte. Erakusketak abuztuaren 29tik irailaren 29ra arte egongo dira zabalik.

Jesus Echebarriaren Estretoscópico izeneko erakusketeagaz, eta Clément Briend artista frantsesaren hainbat proiekzinogaz hasiko da abuztuaren 29an, Getxophoto, nazinoarteko argazkigintza jaialdiaren zazpigarren edizinoa, Begihandi kolektiboak antolatuta, besteak beste, Getxoko Udalaren laguntzinoagaz. Irailaren 29 arte egingo da.

Amesak ardatz hartuta, Christian Caujolle izen handiko kritikalaria komisarioa dauen Jaialdian, mundu osoko 17 argazkilarik hartuko dabe parte. Erakusketak abuztuaren 29tik irailaren 29ra arte egongo dira zabalik, batez be gune publikoetan, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera artekoetan, eta Algortako goiko aldean aretoko erakusketak egongo dira. Jarduera nagusiak Jaialdiko lehenengo asteburu honetan izango dira, hau da, abuztuaren 29tik irailaren 1era arte: erakusketak, proiekzinoak, bisitak eta Itxialdia, hau da, hausnarketarako eta alkarrizketetarako jardunaldia.

Getxoko Udaleko zinegotziak, Koldo Iturbek, esan dau artea eguneroko bizitzan sartzearen aldeko Getxophotoren apustua eta arte lanak, batez be, esparru publikoan erakutsi izana Getxoko Udaleko gobernu-taldeak dauen ildo estrategikoagaz bat datozela: udalerriko ekonomia eta bere jarduera-sektore nagusiak, hau da, Turismoa, Merkataritza eta Ostalaritza sustatzea dala ildo estrategiko hori. Era berean Iturberen ustez, Getxoko egungo kulturgintzearen eredua aztertzeko eta gaurkotzeko prozesuan buru-belarri gabilz hainbat helburu lortzeko asmoz, besteak beste, krisialdiaren aurrean Kultura garapenerako aukerea finkatzeko; kulturearen ekarpenak indartzeko; Getxo marka erakargarriagoa egiteko; eta, orain arte egin dogun moduan, arlo pribatu eta publikoaren arteko alkarlana sustatuko daben egitasmo kulturalak aurrera eroateko. Eta Getxophoto, etorkizunean bertokoentzat zein bisitarientzat gure udalerrian izango dogun eskaintza kulturalaren adierazgarri argia da.


Jarduera nagusiak

Zapatuan, abuztuaren 31n, Andres Isasi Musika Eskolan Opening saioa egingo da, Jaialdiari hasiera emongo deutsona; ekitaldi horretan, Caujolle komisarioak iruditan errepasauko dau edizino honetako egitaraua. Aurten parte hartuko daben egileetako batzuk euren lanak proiektau eta aurkeztuko ditue.

Horrezaz gan, iraileko bisita gidatuen Ibili programea eta Photowalk, argazki estudio eta galerietara bisitak, itzuliko dira. Aurten, Argazki Garaikidearen Bilboko Zentroa bisitetako aukerea egongo da, Ricky Davilak zuzentzen dauena. Aurten be argazkilaritezari buruzko liburu eta aldizkariak konsultetako Papel izeneko gunea jarriko da; Algortako Torrene kaleko espazio batean egongo da hile osoan zehar.

Edizino honetako barritasun legez, Getxophoto jaialdiak Itxialdia ekimena proposatzen dau, argazkiaren konsumorako modu garaikideen inguruko berbaldi eta alkarrizketetarako egun oso bat. Abuztuaren 30ean izango da, 10:00etatik 20:00etara, Fadurako garagardotegi zaharrean. Jaialdiaren zuzendariak, Jokin Aspuruk, adierazo dauenez, irudien konsumorako kanalak, euskarriak eta gailuak aztertu eta eztabaidatuko dira, besteak beste, argazki-liburuak, sare sozialak, komunikabideak, erakusketak edo arte galeriak. Jordi Socías (El Pais Semanal aldizkariko editore grafiko ohia), Monica Allende (Sunday Times Magazine aldizkariko editore grafikoa) eta Cristina de Middel argazkilari espainiar arrakastatsuak parte hartuko dabe, besteak beste. Yosigo argazkilari donostiarraren Have a Nice Book proiektuaren aurkezpenagaz eta zuzenean argazki-liburuak tartekatzen dituan Julian Baron DJ-aren Photobook Jockey saioagaz amaituko da eguna. Prezioa: 30 €.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu