Mundu biren artean eregi dau Inma Roizek 'Manuela' bere lehenengo nobelea

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-04-18 15:08   Kulturea

Mundu biren artean, Espainia Barria (gaur egungo Mexiko) eta Gordexola artean, bizi dan Manuela emakume gaztea da Inma Roiz arabarraren lehenengo nobelearen protagonistea. Ttarttalo argitaletxeak kaleratu dau, Abra bilduman.

Mundu biren artean, Espainia Barria (gaur egungo Mexiko) eta Gordexola artean, bizi dan Manuela emakume gaztea da Inma Roiz arabarraren lehenengo nobelearen protagonistea. Hiru urte emon ditu 600 orrialdeko nobelea idazten. Ttarttalo argitaletxeak kaleratu dau, Abra bilduman.

Domingo Narciso de Allende gordexolar gazteak Ameriketarako bidea hartu eban XVIII. mendearen erdialdean, Espainia Barria izeneko lurralderantz. Han, San Miguel el Grande urian, bizimodu barria topau eban, bizitza sozial eta politiko handia, baina ezin etxekoak eta jaioterria ahaztu. Beste gazte biren historia be bada nobelea, Jose Ignacio Aldama eta Bernardo Abasolorena, hain zuzen be. Euren ondorengoak Mexikoko independentziaren alde matxinatu ziran, eta heroi nazional bihurtu.

Gordexolan Manuela arrebea geratu zan, bost neba-arrebetatik gazteena. Etxearen izena eta tradizinoa gordetearren gogor egiten dau burrukan, sasoiko gizarte itxi eta estuan. Gordexolan jazoten dana, komunidadean pasetan diranak, kontetan ditu Manuelak, eta Domingo Narciso nebeak bialdutako gutunen bidez harek Mexiko aldean bizi eta ikusitakoak azaltzen ditu. Mundu guztiz desbardinak dira, kontraesanez beteta, azpimarratu dau egileak aurkezpenean.

Manuela protagonistea bada be, Roizek makina bat personaia sortu ditu. Personaia asko dirala esan deustie, baina bat bere ez dago sobran, esan dau. Eleberrian agiri danez, neba-arreba askoren artean, bakarra geratzen zan etxearen jaube, ganerakoek beste nonon topau behar eben bizimodua, milizian, erlijinoan edo Ameriketan. Gaur egun lez, emigrau beharra izan eben hainbatek, ganeratu dau Idoia Arozena editoreak.

Kontraesan handia dago mundu bien artean, Manuelaren mundu euritsu, ilun eta itxia, eta Domingo Narcisok topetan dauen lurralde eguzkutsua, beroa eta aukeraz betea. Personen eguneroko bizimodua azaldu gura izan dot. zelan bizi ziran Gordexolan sasoi horretan, zelangoa zan ingurua.

Personaia historikoak eta fikzinozkoak batu dira nobela honetan, kontu handiz erabili ditu Roizek datu historiko eta biografikoak. Mexikon be izan zan 2010ean, dokumentazino bila. Han danek ezagutzen ditue matxinatuak, heroiak dira, gogoratu dau. San Miguel de Allende urian egon zan, hango artxibategietan beharrean ibili zan. Domingo Narciso Manuelaren nebeak eregitako etxea museoa da gaur egun.

Kazetari izateak idazteko erraztasuna emon deutso, eta Antropologiak, ostera, begiratzeko modu desbardina. Nekazarien alaba da, eta be gaur egun nekazaria da. Gauza asko "kusten lagundu deutso lurragaz loturea estua izateak.

Inma Roiz Ulibarri Okondon jaio zan, kazetaria da eta Antropoligian lizentziaduna. Migrazinoetan aditua da, hainbat komunikabidetan egiten ditu kolaborazinoak. Manuela dau bere lehenengo nobelea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu