Lourdes Oñederrak 'Intemperies (babes bila)' bere bigarren nobelea kaleratu dau
2013-04-15 18:00 KultureaIntemperies (babes bila) bere bigarren nobelea aurkeztu barri dau Lourdes Oñederrak Erein argitaletxeagaz. Lehenengo liburua idatzi ebanetik hamalau urte pasau dira. Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egin dabe aurkezpena.
Intemperies (babes bila) bere bigarren nobelea aurkeztu barri dau Lourdes Oñederrak Erein argitaletxeagaz. Lehenengo liburua idatzi ebanetik hamalau urte pasau dira. Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egin dabe aurkezpena.
Luzia 50 urteko hizkuntzalari donostiarra da liburuko protagonistea. Beharra topau dau Madrilen, eta harako joan-etorrian, Eva eta Victor ezagutzen ditu. Lehenaldia eta orainaren artean makina bat alkarrizketa ditu Luziak. Izan be, denporea, lehengo aldean, desbardin pasetan dabilela begitantzen jako, urteak laburtu eta minutuak luzatu egin dirala uste dau. Goizean jazotakoak baino orain hogeita hamar urte jazotakoak hobeto gogoratzen ditu.
Lourdes Oñederra Olaizola Donostian jaio zan 1958an. Hizkuntzalaria da, Filologia Hispanikoan lizentziaduna eta Euskal Filologian doktorea. Gasteizko EHUko Filologia Fakultadean egiten dau lan, Fonologiako irakasle. Katedraduna eta euskaltzain osoa da.
Oh, Euzkadi!, Hika, Argia, Bake Hitzak eta Erlea aldizkarietan hamaika artikulu idatzi ditu. Euskaldunon Egunkaria-n zutabegilea eta Noticias de Gipuzkoa-n artikulugilea be izan da. Eta emakumeari sugeak esan zion izan zan bere lehenengo nobelea. Espainiako Sari Nazionalerako aukeratu eben, eta hainbat sari jaso zituan, tartean, Euskadi Saria, Kritika Saria, Beterriko Liburua eta Zilarrezko Euskadi. Gaztelaniara, errusierara eta ingelesera itzuli dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!