Artedrama antzerki topaketak Aulestin

Bizkaie! 2013-04-02 12:26   Kulturea

Artedrama topaketen zortzigarren edizinoa abian da Aulestin. Apirilaren 2tik 6ra sei lan eskainiko ditue herrian, antzerkia, musikea eta bakarrizketak.

Artedrama topaketen zortzigarren edizinoa abian da Aulestin. Apirilaren 2tik 6ra sei lan eskainiko ditue herrian, antzerkia, musikea eta bakarrizketak.

ADEL Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) arte eszenikoetan euskeraz lan egiten dabenen topagunea izaten da urtero, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizale guztientzako. Profesional zein ikasleentzako bideratuta egoten da, beti be Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak eta alkartrukeak sustatzeko asmoagaz, dinoe antolatzaileek. Horregaitik, iluntzetako saioez aparte, ikastaroak atondu ditue. Ander Lipus, Matxalen de Pedro, Manex Fuchs, Eneritz Artetxe eta Asier Zabaleta dira aurtengo irakasleak. Eskola guztiak euskeraz izango dira.

Apirilaren 2an, Barry Manleyk eta Aitor Txarterinak Euskalduna naiz eta arraro nago bakarrizketea egingo dabe, 21:00etan, Udal aretoan. Umorea oinarri, euskaldun izatearen eta euskaldun jokatzearen ondorioen ganean jardungo dabe. Horman Poster Kolektiboak, ordu eta leku berean, hilaren 3an, Iragan perfektua antzezlana taularatuko dau. Zelan gogoratu bizi izan ez dozuna? Irudien bitartez? Zuri-baltzeko egindako memoriaren eragiketea"egingo dabe Horman Poster Kolektibokoek.

Eguenean, hilak 4, Bederen Bat taldeak Aktibo Toxikoa emonaldia ekarriko dau. Bat Jauregi personaiak, maleta eta guzti, bakarrizketea egingo dau; politikari izandakoa da, krisiak bete-betean atrapau dau, baina ez dauka geldi egoteko asmorik... Hurrengo egunean, barikuan, Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldeak Biba zorrixen izurritie!!! beharra aurkeztuko dau Aulestiko plazan, 22:00etan. Ander Lipusek zuzendutako antzezlana Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako ipuin-bilduman oinarrituta dago.

Zapatuan, apirilak 6an, saio bi egingo ditue. Huts Teatroa konpainiak Donostia Antzerki Saria irabazitako Publikoari gorroto eskainiko dau, plazan, 22:00etan. Antzerkiari buruzko gogoetea da abiapuntua, baina apurka-apurka hasierako umore eta publikoari egindako keinuek krudelkeria ekarriko dabe, podere hartu-emonak eta bortxa. Ostean, 00:00etan, Bostenbor taldeak kontzertua eskainiko dau Gaztetxean. Egurkaldi txarra egin ezkero, plazako emonaldiak frontoian egingo ditue.

Artedrama topaketen egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu