Hiru eguneko egitarau zabala, Arrigorriagako XVII. Clown eta Pailazo Jaialdian
2012-05-08 15:21 KultureaKrisiak aurrekontuan eragina euki arren, kalidadezko eskaintzea izango dau aurten be Arrigorriagako Nazinoarteko Clown eta Pailazo Jaialdiak, lehenengo mailako artistakaz, Arrigorriagako alkate Asier Albizuak prentsaurrekoan nabarmendu dauenez. Maiatzaren 11tik 13ra bitartean egingo da festibalaren 17. edizinoa.
Krisiak aurrekontuan eragina euki arren, kalidadezko eskaintzea izango dau aurten be Arrigorriagako Nazinoarteko Clown eta Pailazo Jaialdiak, lehenengo mailako artistakaz, Arrigorriagako alkate Asier Albizuak prentsaurrekoan nabarmendu dauenez. Maiatzaren 11tik 13ra bitartean egingo da festibalaren 17. edizinoa, eta Euskal Herriko zein kanpoko hamabost konpainiek hartuko dabe parte.
Bilboko Rekalde Aretoan aurkeztu dabe jaialdia Asier Albizua Arrigorriagako alkateak, Amagoia Garaiazabal festibalaren zuzendariak eta Gonzalo Olabarria Aldundiko Kultura Zuzendariak.
Eskaintza heterogeneoa osotu dabe, gorputzaren adierazpena ardatz, zirkuko modalidade gehienek hartuko dabe parte festibalean. Aurten, 100.000 euro inguruko aurrekontua izan dabe, igaz baino ia 40.000 euro gitxiago. Kalidadeari eutsi deutsagu, baina talde txikiagoak ekarri doguz, argitu dau festibalaren zuzendariak.
Familia osoarentzako ikuskizunak dira nagusi Arrigorriagako XVIII. Nazinoarteko Clown eta Pailazo Jaialdian, baina, Albizuak azpimarratu dauen lez, umeez aparte, gurasoek, aitita-amamek, eta ganerako guztiek be gozauko dabe emonaldiekaz. Publiko helduarentzako beren-beregi saio bi atondu ditue, bata Toni Albáren Audiencia iReal, eta bestea, Nola Raeren Exit Napoleon, biak Lonbo aretoan.
Aurtengo egitaraua, dana dala, umeek estreinauko dabe, izan be Arrigorriako eskola publikoan Zirku-eskola ibiltaria antolatu dabe Kataluaniako Circ Menut taldekoek. Umeek zirkura hurreratzeko aukerea eukiko dabe, eskolan bertan, azaldu dau Amagoia Garaiazabalek.
Euskal Herriko talde bi izango dira aurten Arrigorriagan, Hortzmuga eta Ganso & Cia. Hortzmugak Libertia izeneko lana aurkeztuko dau zapatuan, maiatzaren 12an, txotxongiloak libre diran mundu berezi-berezi bateko istorioak. Ganso & Cia konpainiak Erdipurdikoa ikuskizuna eskainiko du domeka goizean. Talentu bako Anibal Maldonado izeneko artista eta showmanak bizirauteko egin beharrekoak kontetan ditu.
Hamazazpi urtean jaialdia hobetu, egonkortu eta sendotu egin dala azpimarratu dau Foru Aldundiko Gonzalo Olabarriak. Etenbako mobimentuan, daborduko jaialdia baino gehiago da, ganeratu dau. Izan be, ikuskizunen egitarauaz aparte, Nola Raek Speak with no words izenburuko ikastaroa emongo dau barikuan, maiatzaren 11n.
Nola Rae artista australiarrak 40 urteko ibilbide luzea dauka mimoaren arloan. Azkenengo bost urteotan bere atzetik ibili gara -azaldu dau Garaiazabalek- eta azkenean lortu dogu ekartea, orain urte batzuk egon zan Arrigorriagan, baina ikastaroa emotea zan gure helburua.
Domekan, Neto Duet taldea Malabares de altura lana aurkeztekoa zan, baina istripu bat tarteko, horren ordez, Cronopia Contorsiones argentinar konpainiak Maromas eszenarauko dau. Marcel Gros artista katalan ezagunak itxiko dau 17. Clown eta Pailazo Jaialdia, La gran A... ventura lanagaz.
Emonaldi asko kalean izango dira, baina euria egin ezkero, kiroldegira pasauko dira. Egitarau osoa, hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!