Alex Txikon barriro ahaleginduko da Gasherbrum-I mendia neguan igoten
2012-01-09 14:50Asteon, urtarrilaren 12an abiatuko da Alex Txikon Pakistanera, Carlos Suarez, Nisar Husein, Darek Zaluski eta Hahlen Cederic taldekideakaz batera.
Igaz huts egin eban Lemoakoaren espedizinoak eta aurten, taldekide barriakaz eta aurreko aldiko esperientziatik ikasita, Karakorum mendikateko G-I tontorra (8.080 m) zapaldu gura dau Txikonek, neguan sekula inork lortu bako erronkea. Asteon, urtarrilaren 12an abiatuko da Alex Txikon Pakistanera, Carlos Suarez, Nisar Husein, Darek Zaluski eta Hahlen Cederic taldekideakaz batera.
Igazko ahaleginagaz konparauta, aurten talde zabalagoa antolatu dabe G-I mendiaren neguko igoerarako. Igaz hiru mendizale joan ginan eta, oraingoan, bost izanda, erreztasun handiagoa izango dogulakoan gagoz, eginbeharrak banatu ahal izango doguz, aitatu dau Alex Txikonek espedizinoaren aurkezpenean. Talde bi egin ahal izango ditue, horman gora bidea zabaltzeko zeregin neketsuan txandaka ibilteko.
Dana dala, espedizino arriskutsua izango dala badakie bost taldekideek. Zortzimilako mendi bat neguan igotea apustu gatxa da beti, urte sasoi honetan ez dago jakiterik zer topauko dogun, aitatu dau Txikonek. Zero azpiko tenperaturak, haizeteak eta edurra etenbakoak izango dira ibilbide osoan, eguraldiaren arabera, beheko kanpalekura heltzea be ezinezkoa izaten da batzuetan. Abantaila handi bat be badaukie, Akex Txikonen esanetan, igaz lehenengo ahalegina egin nebanez, nik behintzat badakit zelakoa dan erronkea, igazko esperientziak asko lagunduko deusku. Bide barria zabaltzen ahalegindu zan Txikon, ABC Team taldeagaz (Gerfried Goschl eta Louis Rousseau-gaz osotu ebana) eta 6.700 metroan atzera egin behar izan eben.
Aurten, bide barri horretatik igoten ahaleginduko dira barriro bost espedizinokideak. Neguan igoteari sekula ibili bako bidean sartzea gehitu behar jako beraz. Neguko giroak energia eta gogoa xurgatzen ditu goi-mendian, ohartarazo dau Lemoako mendizaleak.
Gasherbrum-I tontorra zapaldu ezkero, ez da lehenengo aldia izango Alex Txikonentzat. Izan be, joan dan udan, Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayogaz igon eban bertara, Gernikan hasitako abenturearen azken txanpan. Furgonetan egin eban Alex Txikonek Gernikatik Pakistanerako bidaia eta bidean, herri kirol erakustaldiak emon zituan. Gero, furgonetea Felix Baltistan Fundazinoari emon eta G-I igon eban. Abentura ederra izan zan, datozan urteetan egin gura dodana da hori, azaldu dau Txikonek, urte piloa egin dot Edurne Pasabanen taldean zortzimilakoak igoten eta orain bestelako erronkak bilatu gura dodaz, abenturea, herri kirolak, mendia eta alkartasuna buztartu.
Oraingoz, G-I tontorra neguan zapaltzeagaz nahikoa erronka dauka Txikonek, orain arte inork ez dau holakorik lortu. Beragaz batera, Darek Zaluski poloniarrak, Nisar Husein pakistandarrak eta Hahlen Cederic suitzarrak igoereari buruzko pelikula bat grabauko dabe, edari marka ezagun batentzat. Txikonek eta Carlos Suarez espainiarrak Gasteizko mendiko filmen jaialdirako hartuko ditue irudiak eta ganera, belak, jauskailuak eta antzekoak eroango ditue, apur bat olgau gura dogu, haizeak aprobetxau mendian behera egiteko edo saltoak egin. Kontuan hartu behar da, Carlos Suarez madrildarra aditua dala goi-mendietako salto eta hegaldietan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!