Kate O´Brien idazle irlandarraren ganeko liburua aurkeztuko dabe Bidebarrietan
2011-12-19 14:24 KultureaAintzane Legarreta Mentxaka idazle bilbotarrak Kate O´Brien and the fiction of identity liburua aurkeztuko dau hilaren 19an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Idazle irlandarra gure artean ezagutarazotea da ekimenaren helburua, batez be Mary Lavelle lanaren barri emotea.
Aintzane Legarreta Mentxaka idazle bilbotarrak Kate O´Brien and the fiction of identity liburua aurkeztuko dau hilaren 19an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Idazle irlandarra gure artean ezagutarazotea da ekimenaren helburua, batez be Mary Lavelle lanaren barri emotea. Liburu horretan emakumeen sexualidadeari buruzko gaiak aztertzen ditu; horregaitik, hainbat urtean testua zentsuratuta egon zan bai Irlandan eta Espainian.
Aurkezpenean, Mary Lavelle liburuaren zati batzuk irakurriko ditue, gaztelaniaz, ingelesez eta euskeraz; horrezaz gan, Bilboz berba egiten dauen O’Brienen beste lan batzuen atalak be entzuteko aukerea izango da. Rocco Caira Irlandak Bilbon dauen Ohorezko konsulak eta Bríd Walsh Euskadi-Irlanda Cara-Lagun kultur alkarteko presidenteordeak Irlanda eta Euskal Herriaren arteko kultura loturei eta Kate O’Brienen eta Bilboren arteko hartu-emonei buruz egingo dabe berba.
Kate O´Brien and the fiction of identity ( McFarland, 2011) lana Mary Lavelle (1936) eleberriari buruzko azterlana da, 1922ko Bilbon kokatua dago; zati handi baten, Bilbori omenaldia egiten deutso. Kate O’Brien idazle irlandarra Portugaleten bizi izan zan urtebete, gaztea zala. Bere bizitzako sasoi sano garrantzitsua izan zan; ostean, haren nobela batzutan inspirazino iturri izan eban. Liburua abenduaren 3an aurkeztu eben, Dublinen.
Aintzane Legarreta Mentxaka Bilbon jaio zan, eta hogei urte daroaz Dublinen biziten. Ingeles filologia ikasi eban Irlandan, eta masterra eta doktoretzea be egin zituan. Literatura irlandarrean espezializau zan. Dublinen egiten dau lan, emakumeek idatzitako literatura irlandarrean arteak izan dauen eragina aztertuz, National University of Ireland-eko ikerlari. Horrezaz aparte, ingeles literaturako eskolak emoten ditu University College Dublinen eta Saint Patrick’s College, Dublin City Universityn. Kultura herrikoiari eta literatureari buruzko hainbat artikulu idatzi ditu, gehienak ingelesez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!