Danetariko antzerki eta jantza garaikidea eskainiko dau XIII. BAD jaialdiak zemendiaren 6ra bitartean

Bizkaie! 2011-10-28 10:13   Kulturea

Urriaren 28tik zemendiaren 6ra bitartean, Bizkaiko uriburuak arte eszenikoen abangoardia hartuko dau barriro be, BAD-en, Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikide Jaialdiaren XIII. edizinoa. Aitatzeko modukoa da Angels Margarit (Espainiako Jantza Sari Nazionala) jantzari eta koreografo katalanak zapatuan eta domekan zuzenduko dauan Miro 83. Solo para habitación lan berezia.

Urriaren 28tik zemendiaren 6ra bitartean, Bizkaiko uriburuak arte eszenikoen abangoardia hartuko dau barriro be, BAD-en, Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikide Jaialdiaren XIII. edizinoa.

Danetara, 21 konpainiak hartuko dabe parte aurten. Bertan aurkeztuko diran ikuskizunen artean, hamabi erabateko estreinaldiak izango dira, eta beste bost, ikus-entzuleek Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango dituen ikuskizunak. Horrezaz gan, jantza ikuskizun bi lehenengoz ikusi ahal izango dira Estaduan: israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaz berba egiten dauen Arkadi Zaidesen Quiet, eta Henrik Kaalunden Dreame. Horrezaz gan, BAD-ek Bilboko Institutu Frantsesaren laguntzinoa izan dau, egoitzea Frantzian dauen Salia Nï Seydou, jantza garaikideko konpainia afrikar ezaguna jaialdian egon daiten. Estadu osoan lehen aldiz aurkeztuko dau Le tango du cheval lana.

Ohikoa danez, BAD-ek gune garrantzitsua eskainiko deutse bertako konpainiek eta artistek -Horman Posterrek, Olatz de Andrések, Tearto Teatrok edo Leire Ituartek- arte eszeniko garaikideen alorrean egiten daben lanari.

Aurten, BAD-ek eszenatokiak zabaldu eta uri guztiari ganetik begiratuko deutso, uribilduan kultur erreferentzia diran leku barrietara heltzeko, Alondigara, Euskaldunako ontziolek hartzen zituen lurretara eta EHU-ko Paraninfora, ikus-entzule barriak eszena garaikideko lan barritzaileenez gozatzera hurreratu daitezan.

Edizino honetan gune berezi batzuk be sartuko dira. Holan, Vista Alegre Zezen Plazan Itineris Apur BAD ikuskizuna ikusi ahal izango da, eta jaialdiaren laguntzaile Miro Hotelean, Angels Margarit jantzari eta koreografo katalanak, 2010eko Dantza Sari Nazionalak, bere ikuskizuna eskainiko dau.

Espazio barri horreez gan, BAD-en ohikoak diran beste batzuekaz jarraituko da, Baliabide Eszenikoen Udal Zentroa - BilbaoEszena, La Fundición, Hacería, Bilborock, La Merced ikastetxea, Hika Ateneo, Zawp Pabilioia eta Muelle 3, besteak beste, gehienak, urte osoan programazino egonkorra eskaintzen dabenak, zirkuitu komertzialagoetatik kanpo eta, horrezaz gan, ikerlariak, artistak eta koreografoak alkartzeko ohiko leku diranak. BAD, Campos Antzokian eta BBK Aretoan be egongo da beste urte batez, eta edizino honetan 6 zk.-ko Pabilioia gehituko jako. 6. Pabilioiak abuztuan zabaldu zituan etak eta Arte Eszenikoakaz lotutako sortzaile talde batek bultzatzen dauen ekimena da.

BAD-eko programazino osoa irailean aurkeztu eben Bilbon, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza Zinegotziak eta Alicia Otxandategi BAD 2011ko zuzendariak. Eurekaz egon zan Juanjo Otero eszena zuzendaria be, Itziar Barrio artista euskaldunagaz batera jaialdiaren karteleko irudiaren arduraduna izan dana. Horrezaz gan, biek bideo-instalazino bat estreinauko dabe jaialdian, BAD-en aurreko edizinoan sortu eben Los peligros de la obediencia lanaren jarraipena.


Estreinaldiak eta konpainiak

Urriaren 28tik zemendiaren 6ra, La Merced ikastetxeak bost ikuskizun eskainiko ditu, horreetako lau erabateko estreinaldiak izango dira, hiru, euskal konpainien eskutik. Holan, Horman Poster talde bilbotarrak, BAD-ek produzidu eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzinoa jaso dauen Pasado Perfecto performancea eskainiko dau; Olatz de Andrés jantzariak Privolva estreinauko dau, espazio definidu bakoan, dimentsio-anitzean eta poetikoan kokatzen dan eta ukitu erretro-futuristea dauen lana; Tearto Teatro konpainiak bere azken lana aurkeztuko dau, Autoestigma. La Merced ikastetxeko azken estreinaldia, Ya llegan los personajes, Juan Domínguez antzezle, koreografo eta eszena zuzendariaren eta Rafael Lamataren eta Jaime Vallaureren performancea da, multimedia elementuak dituana. Bilaketa eta esperimentazino espresibora bideratzen da, keinua, hizkuntzea eta presentzia lako forma xumeen bitartez.

Campos Antzokiak, programazino osoko ikuskizunik garrantzitsuenetakoa jasoko dau zemendiaren 1ean, 19:30etan. Salia Nï Seydou konpainia afrikarrak Le tango du cheval jantza ikuskizuna estreinauko dau, lehen aldiz Estadu osoan. Ouagadougoun, Burkina Fasoko uriburuan, Salia Sanou eta Seydou Boro koreografoek ikastetxe bat zuzentzen dabe eta ikastetxe hori, ganera, euren konpainiaren eta Dialoges de corps jaialdiaren egoitzea da. Mundu mailako estreinaldia urrian izango da Bordelen, eta zemendian Bilbora helduko da. Bertan emonaldi bakarra izango dau, Espainian egingo daben bireagaz jarraitu aurretik.

La Fundiciónen, Israelen bizi dan Arkadi Zaides koreografo sobietarraren Quiet jantza ikuskizuna aurkeztuko da, Espainian lehen aldiz (zemendiaren 5ean eta 6an). Igaz, artista horrek Kurt Jooss sari garrantzitsua jaso eban, Solo Colores koreografiarengatik, eta sari hori, nazino eta nazinoarte mailako beste batzuei gehitu jake. Quiet lanean israeldarren eta palestinarren arteko gatazkea jorratzen da.

La Fundiciónek jasoko dau, baita be, Henrik Kaalund jantzari eta koreografo independentearen Dreame lanaren Estaduko estreinaldia. Horrezaz gan, leku berean ikusi ahal izango dira Euskadin lehen aldiz, Bea Fernándezen Tres personas, todos los cuerpos lana eta Marco Canale antzerkigile eta zuzendari argentinarraren La puta y el gigante lana (Artezblai argitaletxeak argitaratua). Lan horretan, eszenatokira lehen aldiz igoko dan zuzendariak, Uribe agintean egon dan bitartean Kolonbiak bizi izan dauen historiari buruzko gogoetea egingo dau, ikuspegi kritikotik (urriaren 29an eta 30ean).

Kale Nagusiko BBK aretoak, Mal Pelo konpainia beteranoak aurkeztuko dauen Todos los nombres lanaren Euskadi mailako estreinaldia jasoko dau zemendiaren 4an. Lan horretan, María Muñozek, eszenako bakarlari formatuan antzezle moduan egiten dagoan ikerketa lanagaz jarraitzen dau.


Ikus-entzule barriak

Aurten, BAD-ek eszenatoki gehiago izango ditu, eta gure uriko kultur bizitzan erreferentziazkoak diran lekuak sartzen ditu programazinoan, Alondigea, besteak beste, beharbada eszena garaikidera hain ohituta ez dagozan ikus-entzule barriak lan barritzaileenez eta abangoardiakoez gozatzera hurreratu daitezan. Holan, Bastida Aretoak, Carla Fernández artista mexikar independentearen Bárbara, humana con cola izeneko jantza ikuskizuna jasoko dau (urriaren 29an). Proposamen eszeniko hori, zientzia fikzinoaren tradizinoan errotutako jantza pieza batek eta pieza hori eregiteko prozesuari buruzko pieza dokumental batek osotzen dabe. Zemendiaren 1ean, Alondigako auditorioak, L`Alakran-en Estoy en misa vuelvo enseguida lanaren Euskadiko estreinaldia jasoko dau.

Beste alde batetik, La Haceríak bi proposamen interesgarri jasoko ditu. Lehenengoa, Legaleón-T konpainia gipuzkoarraren Ella y él. Ficciones azken lanaren erabateko estreinaldia (zemendiaren 2an) eta bestetik, aurtengo BilboEszenako egoitzetako baten aurre-estreinaldia, Laida Azkona jantzari nafarraren Mu-to (zemendiaren 5ean). Bilborock aretoari jagokonez, Plataforma Multimediaren Orbe jantza ikuskizunaren erabateko estreinaldia jasoko dau.

ZAWP pabilioia izango da, aurten Bilbaoeszenaren bekea jaso daben Colectivo File 0019 artisten erabateko estreinaldia egingo dan lekua. Taldea Sara Paniaguak, Mónica Valencianok, Raquel Sánchezek eta Estella Llovesek osotzen dabe, eta aurkeztuko daben lana Canción Laberinto izango da.


Logela batean

Eszenatoki horreez gan, azpimarratu behar da, barrikuntza moduan, aurten, Miro Hotelak –BAD-en laguntzaile bereziak–, Angels Margarit jantzari eta koreografo katalanaren, 2010eko Jantza Sari Nazionalaren, emonaldia jasoko dauela. Miro 83. Solo para habitación, Miro Hotelaren 83 zenbakiko logelan eskainiko dan jantza ikuskizuna da, eta hamabi ikusle baino ez ditu izango. Bakarrean ikusteko ikuskizuna da, ikuslea ezusteko voyeur lez hotel baten logelaren barruan jazoten dan eszena batean, ikusleentzat aktuetan ez dauen personaia baten intimidadea aurkituz, bere pentsamenduen, bere itxarotearen, bere bakardadearen isiltasunean atrapauta dagoan personaiarena. Angels Margarit-ek sei emonaldi eskainiko ditu, urriaren 29an eta 30ean, 19:30etatik 22:00etara bitartean, hainbat kontinentetan egon dan egitasmo honen Euskadiko estreinaldira joateko sarrerea lortu leikien pribilegiatu talde txikiarentzat bakarrik.

Eta hotel bat arte eszenikoez gozetako ohiko lekua ez bada, are eta bitxiagoa izango da, duda barik, Itineris Apur BAD ikuskizuna eskainiko dan lekua. Bost artistaren begiradapean, Itziar Madariaga, Pako Revueltas, Rafa Aceves, Irene Bau eta Bego Crego, Itineris Apur BAD Bilboko Vista Alegre Zezen Plazearen instalazinoetan egingo da. Aurtengo Itinerisek, handitasunaren barruan gitxiengoak egiten dauen lana aztertuko dau. Artelan txikiak gitxi batzuentzat, talde handientzako ikuskizunak jasoten dituten espazioetan. Zemendiaren 3an izango da, hiru emonalditan, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan.

Edizino honetan estreinetan diran ikuskizunen artean, azpimarragarria da, bere berezitasunagaitik, Mike Brooks (Ingalaterra, 1965) eta Rosa Casado (Madril, 1971) artistek bultzatutako Tan sólo un trozo de historia que se repite lana. Lan horrek Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzinoa dauka, BilbaoEszenaren bitartez, izan be, igaz garatzen hasi zan proiektu hori aurrera eroan ahal izateko Artistak Egoitzan programako beka bat jaso eban.

Aire libreko Tan sólo un trozo de historia que se repite ikuskizuna Euskalduna kaian estreinauko da, ontziolaren lurrak egozan lekuan, zemendiaren 5ean eta 6an.

Beste alde batetik, BAD-en aurreko edizinoan eta jaialdiagaz batera produziduta, Itziar Barrioren eta Juanjo Oteroren Los peligros de la obediencia egitasmoa garatzen hasi zan, bere formatu eszenikoan. 4 egun, 4 antzezle, 8 ordu eta 3 bideo-kamara, lau antzezleek egunero ezagutzen zituen zenbait jarraibideren araberako eszena bakarra eratzeko helburuz. Egun horreetan lortutako material bideografikoa, lanaren emoitza dan ikus-entzunezko piezaren parte izango da. BAD-en edizino honetan, esperientzia eszenikoan oinarrituz lortutako ikus-entzunezko materiala bideo-instalazino formatuan erakutsiko da (Alondigako Atarian). Horrezaz gan, BAD-ek, Jaume Marcoren jatorrizko diseinua eta Maria Mur Deanen, Consonniren Zuzendariaren eta Blanca de la Torreren, Gasteizko Artium Museoko Kontserbatzailearen, testuak dituan katalogoa be argitaratuko dau. Katalogoa, joan dan urtean egindako lan guztiari buruzkoa izango da.


BADen kartela

Itziar Barrio eta Juanjo Otero dira BAD 2011ko kartelaren irudiaren sortzaileak, eta proposamena, hasiera-hasieratik, berez arte proiektu moduan hartu dabe, arte garaikidetik publizidade kanpainatik baino hurrago dagozan kodeetatik. Holan, kartel-aurrearen irudiak zein azken irudiak pieza bakarra osotzen dabe, diptikoa, batak esanahia emoten deutso besteari.

Aurtengo BAD-en irudia, 1595ean Caravaggio margolariak egindako Karta jokalariak margolanaren berrirakurketea da. Jatorrizko margolanean agertzen dan elementu bakotxa eta bere personaiak, kode garaikideetatik berrinterpretetan dira. Jatorrizko irudiak jarraitzen dauen Barroko estiloagaz eta garai haretan modan egoan argiluna teknikeagaz kontrajarrita, irudia kolore hotzakaz eta lauekaz lantzea aukeratu dabe, itzalak eta, ondorioz, eszeenaren dramatizazinoa naturalizatuz.


Profesionalentzat

BAD, abangoardiako arte eszenikoen alorreko artista, produktore, sustatzaile eta programatzaileak batzeko, alkarren arteko gogoetarako eta eztabaidarako hitzordua be bada. Programearen barruan topaketak, hitzaldiak, tailerrak eta liburuen aurkezpenak be izango dira, eta ekitaldi horreetan antzezleek, egileek edo ikerlariek hartuko dabe parte, Hika Ateneoan egingo diran Show Gelatan.

Horrezaz gan, Hitzorduak Eszenarekin izenekoak be izango dira, eszena garaikidea egituratzen daben zenbait gairen inguruko gogoetarako eta eztabaidarako leku moduan. Aurtengo izenburua Arte eszenikoetako ikerketa eta sorkuntza izango da, eta ikerketa akademikoaren eta ikerketa sortzailearen artean dagoan ezinbesteko loturea landuko dau. Parte-hartzaileen artean Amalia Fernandez, Espe López, Txubio Fernández de Jauregui, Victoria Pérez Royo eta Pablo Fidalgo egongo dira, besteak beste, eta EHU-ko paraninfoan (Baroja Aretoan) egingo dira, zemendiaren 2an eta 3an.

Sarrerak

Ikuskizun guztiek 10 euroko prezioa izango dabe txarteldegian erosi ezkero, eta 8 euro aurretiko salmentan, eta doban izango dira Kultura eta Hezkuntza Sailaren Kultura 18 txartela dabenentzat, eta eurekiaz doanak erdia baino ez dau ordainduko. Aurreko edizinoetan leza, badago KREDIBAD eskuratzeko aukerea, 5 edo 10 ikuskizun merkeago ikusi ahal izateko. BAD-eko bulegoan dago salgai. Barrikuntza moduan, esan behar da aurten KREDIBAD-en barruan jaialdiko ikuskizun guztiak sartzen dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu