Bilboargazki 2011 ekimenak bederatzi erakusketa eskainiko ditu aurten

Bizkaie! 2011-09-19 15:40   Kulturea

Bilboargazki 2011 ekimena aurkeztu dau Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak Bilbon bertan. Prentsaurrekoan azaldu dabenez, bederatzi erakusketa antolatu ditue uriko hainbat lekutan, urriaren amaiera arte.

Bilboargazki 2011 ekimena aurkeztu dau Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak Bilbon bertan. Prentsaurrekoan azaldu dabenez, bederatzi erakusketa antolatu ditue uriko hainbat lekutan, urriaren amaiera arte. Bilboargazkik BBK eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzinoa jaso dau. Aurkezpenean, Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura Zuzendaria, Juan Armentia Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteko presidentea eta BBK Fundazinoko Gorka Martínez izan dira.

Bilboargazkiren bosgarren edizinoa da aurtengoa, eta oraingoan be uria argazki-erakusketaz beteko da. Erakustaldiez gan, berbaldiak eta tailerrak izango dira asteotan. Ekitaldiotan parte hartuko dabe, besteak beste, Bosco Mercadalek eta Sergio Tello CEF 2011 Sari Nazionalak.

Hainbat estilotako argazkiak ikusteko aukerea izango da erakusketetan, batzuk banakakoak dira eta beste batzuk taldekoak. Argazkigintza soziala, artistikoa eta estudiokoa batu ditue erakusketotan. Yi Zhijian eta Frederic Chaubin argazkilarien irudien bitartez, barriz, urruneko herrialdeetara bidaiatzeko aukerea eukiko dogu, Txina eta Kanbodiako paisaia ederrekaz.


Erakusketak

Hona hemen, erakusketak, banan-banan.

- Iñigo Beristain, La letra pequeña de mi memoria. Eibarko artista gaztearen erakusketea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza duen arte plastikoen eta ikusmenezkoen arloko ikerketa proiektu baten parte da. UPV/EHUko Erakusketa Aretoan egongo da ikusgai (Espainiako Bankua kalea, 2), urriaren 3tik 31ra.

- Bosco Mercadal, Poemas fotográficos. Hainbat sari jaso ditu Menorkako argazkilari ezagunak, eta bere lanea bodegoiak dira nagusi. Urriaren 3tik 14ra, Burtsako Udaltegian (Pilota kalea, 10). Inaugurazino ofiziala urriaren 7an izango da, 19:30etan, eta egilea bertan egongo da.

- Sergio Tello, Imágenes de Rajasthan. Azaroan CEF 2011 Sari Nazionala jasoko dau argazkilari katalanak. Indiako Rajastan lurraldean ataratako argazki bilduma aurkeztuko dau Bilbon. Urriaren 17tik 31ra, Barrainkuako Udaltegian (Barrainkua kalea, 5). Inaugurazino urriaren 28an izango da, 19:30etan, eta egilea bertan egongo da.

- Klass P. Schipper, Estados de ánimo y expresiones. Argazkilari holandarrak hainbat sari jaso ditu. Erakusketa honetan, gogo egoera sakonak eta keinuak batu ditu. Espacio de Los Mundosen (Simón Bolivar kalea, 17), urriaren 4tik 31ra.

- 2011ko XXXI. Argizaiola Saria. Lehiaketan aurkeztutako lanen aukeraketea. Argazki irabazlea eta hiru akzesitak egongo dira ikusgai, lehiaketan aurkeztutako beste makina bat argazkiz gan. Castañoseko Udaltegian (Castaños kalea, 11), urriaren 3tik 14ra.

- Aizkoa Pérez, Ying and Yang. Bigarren urtez , programa barruko erakusketetako bat argazkilari gazteen lehen lanak ezagutarazoteko izango da. Café Iruñan (Albiako Lorategiak z/g), urriaren 3tik 31ra.

- José Luis Ramírez, Mecánica Popular. Batzar Nagusietako Aretoan (Hurtado de Amézaga kalea, 6), urriaren 10etik 31ra. Inaugurazino ofiziala urriaren 28an izango da, 19:30etan, eta egilea bertan egongo da.

- Frederic Chaubin Sueños ideológicos – Los últimos años de la arquitectura soviética. Frédéric Chaubin Kanbodian jaio zan 1959an. 2000. urtetik aurrera arkitekturea eta bidaiak jaso ditu argazkietan. SESBeko eraikinei buruzko ikerketan zazpi urte emon zituan. FNAC-ko erakusketa aretoan (Urkixo Zumardia, 4), urriaren 4tik 31ra.

- Yi Zhijian, Txina. Txinako paisaiekaz osotutako bildumearen ezaugarri nagusia edurraren presentzia da. BilbaoHistorikoko ExpoGela aretoan (San Frantzisko kalea, 32), urriaren 11tik 31ra.


Berbaldiak

Bederatzi erakusketa horreekaz batera, Bilboargazkiren programazinoan hiru berbaldi eta argazkigintzari buruzko hiru tailer egongo dira. Lehenengo berbaldia, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak, BBK Fundazinoaren laguntzeagaz, argitaratzen dauen Fotógrafos vascos bildumaren seigarren liburukiaren aurkezpena izango da. Iñigo Beristain argazkilariaren lanari eskaini jako argitalpena, haren La letra pequeña de mi memoria arte ikerketa egitasmoari, hain zuzen be. Ekitaldia urriaren 3an izango da,1 9:00etan, UPV/EHU-ko Erakusketa Aretoan.

Bigarren berbaldia urriaren 7an izango da, eta mundu osoan sariak jaso dituen Bosco Mercadal argazkilariak emongo dau. Egileak bere erakusketea eta lanak aurkeztuko ditu, Poemas fotográficos erakusketearen inaugurazinoan bertan.

Amaitzeko, Sergio Tellok Imágenes de Rajasthan erakusketeari buruz jardungo dau. Hitzaldia urriaren 28an izango da, 19:30etan, Barrainkuako Udaltegian.


Tailerrak

Bosco Mercadalek eta Sergio Tellok eskainiko ditue bosgarren edizino honetako tailerrak. Marcadelek estudio barruko lanean zentrauko dau tailerra; elementuak, zirriborroak, argiztapena, konposizinoa eta tratamendu digitala. Sergio Tellori jagokonez, egilearen ideiak irudian zehaztasun handiagoz agertzeko ezagutu behar diran teknikak izango ditu berbagai. Urriaren 8an eta 19an egingo ditue ikastaroak.

Aurreko edizinoetan antolatutako ikastaroek izandako harrerea dala eta, aurten be umeeentzako (8 eta 13 urte artekoei) argazkigintza ikastaroa antolatuko dabe.

Tailerretan izena emoteko epea zabalik dago, www.federacionfotovasca.org edo www.bilboargazki.com guneetan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu