Bilboko Garabat galeriak jai-erakusketa bategaz itxiko ditu ateak

Bizkaie! 2011-06-30 15:39   Kulturea

Bilboko Garabat galeriak Maiatzaren 2a kaleko lokala zapatuan, garagarrilaren 2an, itxiko dau, eta aurrerantzean Interneten segiduko dau jarduna. Hori dala eta, artista eta lagun talde batek erakusketa-jaia antolatu dau barikuan, garagarrilaren 1ean.

Bilboko Garabat galeriak Maiatzaren 2a kaleko lokala zapatuan, garagarrilaren 2an, itxiko dau, eta aurrerantzean Interneten segiduko dau jarduna. Hori dala eta, artista eta lagun talde batek erakusketa-jaia antolatu dau barikuan, garagarrilaren 1ean.

Garabatek lau urte bete ditu Maiatzaren 2a kaleko 19. zenbakian, San Frantziskoko eta Bilbo Zaharreko bizitza kulturalean parte hartuz. Borja Garabaten zuzendaritzapean, jarduera ugari antolatu ditu urteotan, auzoaren eguneroko bizimoduari guztiz lotuta egon da. Maiatzaren 2a kalean egiten diran merkatuetan, esaterako, parte-hartze berezia izan dau Garabatek; izan be, hainbat ilustrazino- eta arte-tailer atondu ditu, eta makina bat erakusketa bere bai, jakina.

Artista eta auzokoentzako topagunea izan da Garabat. Hamaika artistaren lanak izan dira erakusgai bertan, besteak beste, Jorge Aldarete, Blanca Gomez, Taller Vostok, Felipe Uribarri, Roland Topor, Iker Spozio, Victor Aparicio eta Puño.

Galeria behar dan lez agurtzeko hainbat artistek erakusketa honetarako beren-beregi sortutako lanak ipiniko ditue ikusgai. Ekitaldian parte hartuko dabe Aiora Kintanak, Pernan Goñki, Borja Crespok, Ángela Alonsok, Asier Gallastegik, Eider Corralek eta Jenny Alvaradok. Argazkiak, marrazkiak, eskulturak eta bestelako arte adierazpenetako beharrak batuko ditue Garabaten.

Jaia barikuan izango da, arratsaldez, 19:00etatik aurrera, baina erakusketea zapatuan be egongo da, egun osoan, Maiatzaren 2a kaleko merkatua dagoala aprobetxatuz. Zapatutik aurrera Interneten topauko dogu Garabat, www.garabat.com/es gunean, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu