Ana Maria Matutek liburuak erosteko konbita luzatu dau Bilboko Liburu Azokearen inaugurazinoan
2011-06-02 15:42 KultureaAna Maria Matute idazleak inagurau dau gaur, eguerdian, Bilboko 41. Liburu Azokea. Nobelagile katalanak Kritikaren Saria jaso eban atzo, eta gaur azokea edegi aurreko berbaldia eskaini dau. Liburu Azokea bagilaren 12ra arte egongo da Bilboko Arenalean.
Ana Maria Matute idazleak inagurau dau gaur, eguerdian, Bilboko 41. Liburu Azokea. Nobelagile katalanak Kritikaren Saria jaso eban atzo, eta gaur azokea edegi aurreko berbaldia eskaini dau. Liburu Azokea bagilaren 12ra arte egongo da Bilboko Arenalean.
Arenaleko ekitaldian, Asier Muniategi Euskadiko liburu azoken koordinatzailea, Josu Leguina Euskadiko Liburu Ganbarako presidentea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Kintana euskaltzaina eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea izan dira.
Ana Maria Matutek Bilbon oso gustura dagoala esanez hasi dau berbaldi laburra. Borgesek esaten eban harroago egoala irakurritako liburuez idatzitakoez baino. Eta neuk be gauza bera dinotsuet, azaldu dau. Bizitzako momentu latzetan literatureak salbau dauela autortu dau Matutek: Bizitza ez da beti alaitasuna, momentu ilunak dagoz. Zulo ilun eta sakonetan jauzi naz ni behin baino gehiagotan. Liburuek eta literatureak hortik urteten lagundu nabe. Liburuak lagun handia izan dira niretzako. Liburuen aldeko berben ostean, liburuak erosteko eta irakurteko konbita egin dau. Esan deutsuedan guztiagaitik, erosi liburuak, erosi! Eta irakurri bere bai, amaitu dau.
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Ana Maria Matute Bilbon izatea ohorea dala nabarmendu dau, eta plazer handia bere bai. Ekitaldiaren hasieran, Kontaketa Laburren VII. Lahiketako sariak jaso dituen gaztetxuak irakurtera animau ditu alkateak: Irakurteko gustua izan daizuen gura neuke. Aukera asko eskainiko deutsue literatureak.
Asier Muniategik Liburu Azokearen aurkezpen laburra egin dau, eta liburuen % 10eko beherapena eta Kafea eta liburuak (erositako liburu bakotxeko kafea doban La Granjan) ekimena gogoratu ditu. Jentea Arenalera hurreratzera animau dau, eta liburuak erostera.
Andres Urrutiak Euskera agerkariaren inguruko erakusketearen barri eskaini dau. Euskaltzainburuak azpimarratu dauenez, Bilboko Udalaren, BBKren eta Euskaltzaindiaren erakunderen ekimena da. Euskera aldizkaria orain 90 urte sortu zan, Bilbon, helburu nagusi bigaz: alde batetik, Euskaltzaindiaren jardunaren barri eskaini; eta bestetik, euskerearen inguruko ikerketak eta jarduerak batzea. Azkenengo hamarkadetan euskerearen eta euskalgintzearen lekukoa izan da Euskera. Euskera agerkariak eruskalgintzearen 90 urteotako jardunaren barri emon dau. Euskaltzaindiaren arauz eta erabagiez gan, bertako eta kanpoko ikertzaileen lanak, literatureari buruzkoak... jaso ditu, adierazo dau Urrutiak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!