Arrigorriagako XVI. Nazinoarteko Clown eta Pailazo Jaialdia aurkeztu dabe
2011-05-03 15:54 KultureaMaiatzaren 4an Ivan Pradok berbaldia eskainiko dau. Prado Payasos en Rebeldía taldeko kidea eta Festiclown jaialdiko zuzendaria da. Igaz Ramallah inguruan antzeko jaialdi bat atontzeko asmoz izan zan, baina Israelek kanporatu egin eban. Arrigorriagan orduan izandako bizipenen barri emongo dau.
Bilboko Campos Elíseos Antzokian, Alberto Ruiz de Azua, Arrigorriagako Alkateak, Amagoia Garaizabal, Kultura teknikariak eta Toñi Fernandez Petite, Arrigorriagako Kultura Zinegotziak emom ditue azalpenak prentsaurrean.
Arrigorriagako XVI. Nazioarteko Clown eta Pailazo Jaialdia maiatzaren 5etik 8ra bitartean izango da aurten, hogei talderen partaidetzeagaz. Bost Euskal Herrikoak dira, eta lau atzerritarrak. Gainera, bertan ikusi ahal izango diran ikuskizunen artean, lau estreinaldiak izango dira Euskadin, eta batek Estadu mailako aurkezpena egingo dau.
Aukeratutako lanez gan, urtero-urtero proposamen ugari jasoten doguz artisten aldetik, nabarmendu dau Fernández Petite zinegotziak: Han hemenka jaialdi eta emonkizun asko dagoan arren, artistek dagoeneko Arrigorriaga kontuan hartu eta gogoan dabe euren lanak aurkezterakoan, eta pozgarria da hori. Eta ikuslegoari jagokonez, Arrigorriagako herritarrez gan ingurukoak be batzen dira jaialdira, baita Bilbo ingurutik be. Gainera publikoak galdetu, kritikak egin eta aztertzeko jokerea hartu dau, exigente eta aditu bihurtu da honezkero gaineratu dau Zinegotziak.
Amagoia Garaizabalek agertu dauenez, Jaialdiak kale ikuskizun heterogeneoak agertzea dau helburu (zirko, magia, kale antzerki, clown) kalea ardatz hartuta. Familia guztientzako ikuskizunak dira nagusi Arrigorriagan -bi Lonbo aretoan (Neska Kabaret ikuskizuna eta El Espejo Negroren El fantástico viaje de Jonás el espermatozoide txotxongilo lana) eta besteak kalean-, jentearen partaidetzea eta harridurea bilatzen dabenak.
Barrikuntza legez, konpondu barri dan Udaletxeko Plazea berreskuratu dau jaialdiak ikuskizunen agertoki nagusi moduan. Eguraldi ona egitea espero dabela esan ostean, antolatzaileek euririk balego B plan bat be badogu, eta ikuskizunak kiroldegira eroango geunkez autortu dau. En la Lonaren Exodo ikuskizuna da bertan behera ixtiko leukien bakarra, sua erabilten dabelako ikuskizunean eta beraz, ezin baita areto zarratu batera eroan.
Garaizabalek magia nabarmendu gura izan dau. Jaialdiak clown eta pailazoakaz batera magia eukan izenburuan lehenengo urteetan, gero galdu baeban be. Eta aurten atzera be magia ikuskizun bat izango dogu, Mag Lari ospetsuarena (telebistako Buenafuente programan agertzen da), ekitaldiari amaierea emoteko.
Aurten, ohiko zirku, antzerki eta pailazo ekitaldiez gan, jaialdiak ikastaro sano arrakastatsua antolatu dau astebete lehenago, apirilaren 29tik maiatzaren 1a bitartean, Johnny Melvillek gidatua. Esperientzia handiko artistea da Melville (Eskozia, 1948), munduko clownik onenetakoa. Hogeita hamar urteko ibilbide emonkorrean munduko hogeita hamar herrialde ingurutan aurkeztu ditu ikuskizunak. Kritikarien esanetan, ahotsa be erabilten dauen mimo honek sekulako erraztasuna erakusten dau ikus-entzuleekaz bat egin eta kontetan dituan istorioetan publikoa sartzeko, jantzak, akrobaziak edo kantak erabiliz.
Horrezaz gan, maiatzaren 4an Ivan Pradok berbaldia eskainiko dau. Prado Payasos en Rebeldía taldeko kidea eta Festiclown jaialdiko zuzendaria da. Igaz Ramallah inguruan antzeko jaialdi bat atontzeko asmoz izan zan, baina Israelek kanporatu egin eban. Arrigorriagan orduan izandako bizipenen barri emongo dau.
Azken buruan, Arrigorriagan jaialdia amaitu eta gero, zirkuito bat izango da, ikuskizun batzuk (Jango Edwards -Bilbo-, Circo Los, Circo Claxon eta Johnny Melville -Sondika) Bilbo eta Sondikara eroango dituana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!