'Dantza Plazetan' ekimenak 44 emonaldi dakarz Gaztedi Dantza Taldearen 60. urteurrena ospatzen dan urtean
2011-02-22 13:49 KultureaBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak XI. Dantza Plazetan abiarazo dau euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuz, herrietako plazetan egiten ziran erromeriak, jantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiz. Egitaraua aurrera eroan ahal izateko, Udalak Bilboko zazpi jantza taldeeen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra federazinoaren laguntza aktiboa dauka.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Dantza Plazetan egitarauaren edizino barria, hamaikagarrena, jarri dau martxan, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuz, herrietako plazetan egiten ziran erromeriak, jantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiz. Egitaraua aurrera eroan ahal izateko, Udalak Bilboko zazpi jantza taldeeen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra federazinoaren laguntza aktiboa dauka.
Dantza Plazetan egitarauaren aurtengo edizinoak 44 emonaldi batzen ditu, urtean zehar banatuta Deustuko, Begoñako, Ibaiondoko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietako plazetan. Aurten lau kokaleku barri gehituko dira, Solokoetxe, Ibarrekolanda, Sarriko eta Zorrotza auzoetan.
Programearen barruan hiru erromeria aurreikusten dira datorren astegoienean, zapatuan (zezeilaren 26an), Aita Donostia (19:30ean), Santiago (20:00etan) eta Deustuko San Pedro (20:30ean) plazatan, Beti Jai Alai, Salbatzaile Dantza Taldea eta Deustuko Folklore Taldea alkarteen eskutik, hurranez hurran. Horreezaz gan, domeka goizean (11:30ean), hilaren 27an, Ondalanek erraldoien kalejirea eskainiko dau Deustuko auzotik.
Aitatutako lau horreekaz batera, ekimen honetan parte hartuko daben ganerako taldeak honako honeek izango dira: Bihotz Alai Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra eta aurten ekimenagaz bat egingo dauen eta bere auzoan, Zorrotzako Merkatu plazan, emonaldi bat eta erromeria bat eskainiko dituan Ibai — Arte izango dira.
Jantzak eskoletara
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak euskal jantza tradizionalak sustatzearen alde egiten dauen apustua oinarrian hasten da, Dantzak Eskoletara izeneko egitarauagaz. Horren bitartez, jantza tradizional ikastaroak emoten dira Bilboko zenbait herri ikastetxetan —eskola orduetatik kanpoko ordutegian—, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren alkarlanari esker.
Ikasturte honetan, 5 eta 12 urte arteko 300 ikasle inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta danetara 450 orduko prestakuntzea eskaini jake, honako ikastetxe honeetan: Basurtu, Cervantes, Gabriel Aresti, Iruarteta, Pagasarribide, San Inazio, Birginetxe, Deustu Ikastola, Felix Serrano, Eskurtze, Pio Baroja eta Txurdinaga.
Dantza Eskoletara egitarauko ikasleek zenbait emonaldi eskainiko ditue datozen hileotan. Lehenengo hitzordua Inauterietan izango da, Plaza Barrian, martiaren 4an, arratsaldeko 17:30ean, eta hurrengoa apirilaren 10ean, Errekaldeko plazan (eguerdiko 12:00etan).
Gaztedi Dantza Taldearen 60. urteurrena
Jarduera horreez gan, Kultura eta Hezkuntza Sailak laguntzinoa emongo dau Gaztedi Dantzari Taldea sortu zanetik 60 urte igaro dirala eta, urtean zehar aurrera eroango diran zenbait ekimenetan. Ekimen horreetako lehenengoa, astegoien honetan (zezeilaren 25ean eta 26an) Begoñako Udaltegian egingo diran musika eta jantza tailerrak izango dira. Danetara, zortzi prestakuntza saio antolatuko dira, datorren apirilaren 2ra arte; barikuetan eskainiko dira musika tresna tradizionalei eskainitakoak —arratsaldeko 19:30etatik 21:00etara— eta zapatuetan izango dira jantza tailerrak —goizeko 11:00etatik 13:35etara—.
Tailer horreek ospe handiko profesionalek emongo ditue, Kepa Junkerak, Ibon Koteronek, Jon Mayak edo Kepa Artetxek, besteak beste. Sarrera librea eta dobakoa izango da, guztiei zuzenduta egongo da, eta ez da beharrezkoa izango aurretik ezagutza maila alturik izatea.
Tailerrei hasiera emongo deutsienak Ibon Koteron, egungo folklorearen erreferente dana (25ean), albokearen bilakaereari buruzko saioagaz, eta bere klasea euskal folklore tradizionalaren berrikuspenean oinarrituko dauen Natxo Montero (26an) jantzari eta koreografoa izango dira.
Programea honako egun honeetan osotuko da: martiaren 18an eta 19an, Jose Manuel Agirre (dultzaineroa eta musika tresna egilea) eta Patxi Laborda jantza irakaslea eta koreografoa; martiaren 25ean eta 26an, Kepa Junkera eta zazpi aldiz Euskadiko Aurresku txapeldun izan dan eta Kukai konpainiaren zuzendari dan Jon Maya jantzaria; eta egitarauari amaierea emonez, apirilaren 1ean eta 2an, Sabin Bikandi (txistularia eta Etnomusikologian doktorea) eta aspalditik euskal jantza tradizionalen irakasle eta ikerlari dan Kepa Artetxe galdakoztarra. Ordutegiei eta edukiei buruzko informazino guztia www.bilbao.net webgunean eta Gaztediren 60. urteurrenari buruzko gunean, blog.gaztedi.net, jaso ahal izango da.
Gaztedi Dantzari Taldearekin beste jarduera batzuetan be bagabilz beharrean euren 60. urteurrena ospatzeko. Holan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen Bilboko Kalealdiaren, Kaleko Antzerki eta Arteen Nazinoarteko Jaialdiaren barruan, jaialdi horretarako beren beregi diseinautako jantza ikuskizun ibiltaria antolatuko da Bilboko Zazpi kaleetatik, eta urteko azken hiruhilekoan, Arriaga Antzokian barruko ikuskizuna eskainiko da, urteurrenaren ospakizunei amaiera ezin hobea emoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!