Argazkigintza Humanitarioko XIV. Luis Valtueña Nazinoarteko Saria Bilboko Alondegian
2011-01-21 11:38 KultureaAurtengo edizinoan, 27 herrialdetako profesionalek 1.500 argazki baino gehiago aurkeztu ditue eta epaimahaiak ebatzi dau Fernando Moleres argazkilari bilbotarrari emotea lehen saria, adin txikikoek Afrikako kartzeletan daben egoerari buruz Sierra Leonako kartzeletan adin txikikoei ataratako argazkiez osotu dauen bildumeagaitik.
Bilboko Alondegian (Arrikibar plaza, 4) urtarrilaren 30era arte ikusgai egongo da Argazkigintza Humanitarioko Luis Valtueña Nazinoarteko Sariketan parte hartu daben argazki irabazleen erakusketea. Munduko Medikuak alkarteak urtero antolatzen dau sariketa hori. Ekitaldi horren finantzaketea Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzeak eta Bilbao Bizkaia Kutxak bideratzen dabe, Manual Color argazki laborategiaren lankidetzeagaz. Aurtengo edizino honetan 27 herrialdetako profesionalek 1.500 argazki baino gehiago aurkeztu ditue eta epaimahaiak ebatzi dau Fernando Moleres argazkilari bilbotarrari emotea lehen saria, adin txikikoek Afrikako kartzeletan daben egoerari buruz Sierra Leonako kartzeletan adin txikikoei ataratako argazkiez osotu dauen bildumeagaitik. Erakusketan 40 argazki dagoz, inoren ahotan ez dabilzan beste krisi batzuen lekuko.
Moleresek 2010eko zezeila eta abuztua bitartean, Sierra Leonan gauzatu dauen proiektu handiago baten zati dira argazkiok. Lan zorrotza da, delitu txikiakaitik kartzelaraturik gorriak ikusten dituen adin txikikoen bizipenak agerturazoteko egina. Argazkilari bilbotarrak begibistan jarten dau ganezka dagoan kartzela-sistema haren errealidadea, izan be, gazteenak ahulenetan ahulenak eta kalteturik kaltetuenak baitira.
Fernando Moleresek irabazi dauen lehen saria 8.000 euroko lan-bekea da, Munduko Medikuak alkartearen lan-arloetarikoren bati buruzko argazki-proiektua gauzatzeko emoten dana.
Bilbon lehenengoz inauguratzen dan argazki erakusketa horretan, Fernando Moleresenak ez dira izango argazki bakarrak. Beste bi sarituenak be ikusi ahal izango dira, batetik Javier Arcenillas argazkilariarenak, Hegoameriketako indarkeriari buruzkoak eta, bestetik, Riccardo Venturi argazkilariarenak, Haitiko lurrikareak eragindako hondamendiari buruzkoak. Bilboko Alondegiko erakusketearen ondoren, uriz uri ibiltari joango da erakusketea 2011. urtean zehar.
Aurtengo erakusketan beste gai batzuei buruzko argazkiak be badagoz, esaterako Srebrenica-ko sarraskia, Indiako Kaxmireko gatazkea, homoxesualen jazarpena Ugandan, hondakindegi informatikoak eta elektronikoak Afrikan, Kenyan sikateak izaniko eragina eta Saharaz hegoaldeko etorkinen egoerea Italiako hegoaldean.
Laguntzaileen omenez
Sariketa hori urtero antolatzen da Luis Valtueña, Flors Sirera, Manuel Madrazo eta Mercedes Navarroren omenez, Munduko Medikuak alkarteko lankide zirala, ekintza humanitarioetan lan egiten ebilzala, Ruandan 1997an eta Bosnian 1995ean hil zituelako. Sariketak Luis Valtueña izena dauka, Luis lanbidez argazkilaria zalako eta Espainian Cover Agentziarako lan egiten ebalako. Hamalau edizino egin dira dagoeneko, eta sariketa hau argazkigintza humanitarioaren erreferente bihurtu da; izan be, era horretako argazkiek errealidadea gerturatzeko gaitasun berebizikoa dabe, errealidade itxaropentsua batzuetan, negargarria beste batzuetan, baina hunkigarria beti be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!