Getxoko IX. Komiki eta Manga Azokeak 20.000 bisitari erakarri ditu
2010-11-29 14:35 KultureaPasa dan barikutik, komikizaleek bederatzigarren arteaz gozetako aukerea izan dabe jarduera ugaritan eta 80 salmenta-postuetan Areetako Geltokia plazako karpan, antolatzaileek adierazo dabenez. Urtero legez, ospe handiko egileak egon dira berbaldietan eta aurkezpenetan eta hain arrakastatsuak diran sinatze ekitaldietan.
Getxoko IX. Komiki eta Manga Azokea atzo amaitu zan eta, danetara, 20.000 bisitari jaso ditu. Pasa dan barikutik, komikizaleek bederatzigarren arteaz gozetako aukerea izan dabe jarduera ugaritan eta 80 salmenta-postuetan Areetako Geltokia plazako karpan, antolatzaileek adierazo dabenez. Urtero legez, ospe handiko egileak egon dira berbaldietan eta aurkezpenetan eta hain arrakastatsuak diran sinatze ekitaldietan. Holan, zaleek autorerik gogokoenak zuzen-zuzenean ezagutzeko aukerea izan dabe; aurten Gilbert Shelton, Frederik Peeters eta Stuart Immonen egon dira Getxon, besteak beste.
Era berean, aitatzekoa da Antonio Altarriba eta Paco Roca artisten parte-hartzea. Lehenengoari Espainiako Komiki Sari Nazionala emon barri deutsie El arte de volar Kim ilustratzaileagaz egindako lanagaitik. Paco Rocak, igaz sari bera jaso ebana, El invierno del dibujante bere azken lana aurkeztu eban Getxon.
Gainera, Ken Niimura, Angel Unzueta eta El Jueves aldizkariaren egile batzuk be egon dira Getxoko azokan. Azken aldizkari horri omenaldia egin eutsien eta Radio Euskadiko Pompas de papel irratsaioa be omendu eben Getxon, komikiaren mundua zabaltzeagaitik.
Erakusketak be egon dira aurten, zenbait egileren lanaren inguruko erakusketak, hain zuzen; Javier de Isusi, Ken Niimura eta Angel Unzuetaren erakusketa monografikoaz gan, INJUVEren ilustrazino lehiaketan irabazle izan diran lanak be ikusteko aukerea izan dabe bisitariek. Azkenik, Euskadiko Ilustratzaile Profesionalen Alkarteak (EIPE) eginiko El Balanzín aldizkariaren erakusketea be egon zan ikusgai Areetako Geltokia plazako karpan.
Horrezaz gan, udal erakusketa-aretoetan eta Getxoko zenbait tabernatan komiki erakusketak egon dira. Horreetan EIPEren zenbait kideen lanak izan dira ikusgai. Gainera, El Jueves umore astekariaren azal onenen erakusketea be egon da.
Argitaletxeen eta egileen nobedadeen aurkezpenak egon dira azokan, bai eta berbaldi, mahai-inguru eta emonaldiak. Azkenik, mangaren tokia izan dabe aurtengo programazinoan, azokearen azken egunean genero horren zaleek lehiaketetan eta karaoke saioetan gozetako modua izan dabe eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!