Mexikoko oihanetara eroango gaitu Katixa Agirreren liburu barriak
2010-11-09 13:59 KultureaAmaia Lapitz neskatoaren lehenengo abenturea da honakoa, baina Katixa Agirreren asmoa bete ezkero, liburu gehiagogaz osotuko dabe saila.
Abentura eta misterioa buztartzen ditu gasteiztar idazleak Amaia Lapitz eta erregina gorriaren hilobia liburuak, 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxuei zuzendutako nobeleak. Amaia Lapitz neskatoaren lehenengo abenturea da honakoa, baina Katixa Agirreren asmoa bete ezkero, liburu gehiagogaz osotuko dabe saila.
Amaia Lapitz arkeologo baten alabea da eta, gogo handi barik, amari laguntzen joango da Mexikora, mayen zibilizazinoaren lurraldera. Amaiak nahiago leuke oporraldia Irlandan igaro, lagunakaz, baina Chiapasera heldu eta berehala, abenturen munduan sartuko da buru-belarri. Hilketa bat argitzeko bidea hasiko dau, han ezagututako mutil bategaz batera. Chiapasen emozino sakonak biziko ditu protagonisteak eta, gero be, ama arkeologoak berak baino abentura zirraragarriagoa biziko dau. 'Amaia Lapitz ez naiz ni, fikzinozko pertsonaia bat da', argitu nahi izan dau Katixa Agirrek, badaezpada, Bilbon egindako liburu-aurkezpenaren hasieran.
Kontakizunaren barruan, ganera, XIX. mendeko esplorazinoen barri be emoten da, sasoi haretako abenturazale batzuek idatzitako pasarteak tartekatu ditu Agirrek, 'ikuspuntu historikoa emoteko'. Liburuaren azala eta barruko irudiak Alex Orbek egin ditu.
Amaia Lapitz eta erregina gorriaren hilobia liburuan, zibilazino zaharrak eta gaur eguneko arazoak, biak lantzen dira. 'Maien zibilizazinoa interesgarria da, baina behin istorioa Chiapasen kokatuta, ezinbestekoa da indigenen eguneroko burrukea islatzea', zehaztu dau Agirrek. Idazlea bera Mexikon egon zan oporretan eta Chiapaseko oihanetako misterioak bertatik bertara ezagutu zituanean otu jakon nobelea idazten hastea, 'gero buelta asko emon deutsadaz istorioari, baina hazia Mexikon bertan topau neban'.
Narrazinoari jagokonez, 'liburu klasikoa da', zehaztu dau Katixa Agirrek, 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxuei zuzenduta baina edonork gozetako modukoa. Amaia Lapitz neskatoaren abentura gehiago be etorriko dira etorkizunean, izan be, Elkar argitaletxeak berak interesa dauka sailagaz jarraitzeko. Idazleak aurreratu dauenez, hurrengo abenturea beste kontinente baten biziko dau Amaia Lapitzek, baina oraindino zehaztu barik dauka.
Katixa Agirre Miguélez Gasteizen jaio zan 1981ean eta Bilbon bizi da gaur egun. Bi ipuin-bilduma idatzi ditu, Sua falta zaigu eta Habitat, eta haurrentzako hiru kontakizun: Paularen seigarren atzamarra, Ez naiz sirena bat eta zer, eta Patzikuren problemak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!