111 Akademiak urriaren 27an abirazoko dau Kilkerren Soka

Bizkaie! 2010-10-22 16:06   Kulturea

111 Akademiak 2010eko udagoienerako antolaturiko ekimena da Kilkerren Soka. Akademiak euskal literaturea eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatzeko asmoz preparau dauen egitarauaren barruan garatu da eta urteko sorkuntzea ezagutzera emon eta idazleei sorkuntza hori irakurleakaz konpartiduteko aukerea eskaintzea dau helburu.

Liburu aurkezpenak ardatz izango dituan egitasmo honen lehenengo fasea Euskal Herriko sei herritara helduko da zemendiaren amaierara bitartean.

Urriaren 27an jarriko da abian Iruñean Kilkerren soka, 111 Akademiak 2010eko udagoienerako antolaturiko ekimena. Akademiak euskal literaturea eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatzeko asmoz preparau dauen egitarauaren barruan garatu da eta urteko sorkuntzea ezagutzera emon eta idazleei sorkuntza hori irakurleakaz konpartiduteko aukerea eskaintzea dau helburu Kilkerren sokak. Egitasmoaren lehenengo fase honetan sei liburu aurkezpen antolatu dira, Euskal Herriko sei herri desbardinetan egingo diranak. Saio horreetan liburua aurkeztuko dauen idazleak bidaide bat izango dau alboan; honek liburua aurkeztuko dau, irakurle gisa liburuaren balorazio bat eginez, eta zubi lana burutuko du idazlearen eta bertaratzen diren irakurleen artean.

Esan bezela, urriko azken eguaztenean jarriko da martxan Iruñean Kilkerren Soka. Bertan Jon Arretxek bere azken lana aurkeztuko dau, Elkar argitaletxeak plazaratutako Sustrai beltzak bildurrezko ipuin liburua, eta lan horretan Iban Perez akademiakide oñatiarra izango dau bidelagun. Saioa arratsaldeko 18:30ean izango da Elkar aretoan.

Hurrengo geldialdia Tolosan egingo dau Kilkerren Sokak zemendiaren 3an. Bigarren saio honetan, Patziku Perurenak Goizuetan bada gizon bat... saiakerea aurkeztuko dau, Alberdania argitaletxeak plazaratua. Perurenak Ion Olano akademiakide donostiarra izango dau lagun aurkezpenean. Saio hau Literatura Eskolak urte osorako antolatu dauen egitarauaren barruan eskainiko da. Hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da Tolosako kultur etxean.

Zemendiaren 9an, Baionara eroango gaitu Kilkerren Sokak. Bertan Iban Zaldua topauko dogu bere azken ipuin bildumea aurkezten, Ipuinak -Antologia bat- (Erein), Ur Apalategi idazle eta editorea alboan dauela. Aurkezpena Fakultadean izango da arratsaldeko 18:00etan. Eta Baionakoa amaitu eta berehala Basaurirantz egingo dau Kilkerren Sokak, biharamunean hantxe izango dauelako hurrengo hitzordua. Basauriko Euskarabila Alkarteagaz auzolanean antolatutako saio honetan Yurre Ugartek Alberdania argitaletxeagaz kaleratu dauen Gasolindegian ipuin bildumea aurkeztuko dau eta lan horretan Leire Zubeldia kritika-idazle zizurkildarra izango dau bidelagun. Saioa Euskarabila Alkartearen egoitzan egingo da iluntzeko 19:00etan.

Astebete geroago, zemendiaren 17an, Gipuzkoan geldituko da bigarren aldiz Kilkerren Soka, Andoainen hain zuzen be. Bertan Kepa Altonagak Darwin geurean saiakerea aurkeztuko dau, Pamiela etxeak argitaratua, eta Bixente Serrano Izko idazleak gidatuko dau arratsaldeko 19:00etan Bastero Kulturgunean egingo dan saioa. Eta Zemendiaren 24an Gasteizen izango dau amaierea Kilkerren Sokaren lehenengo fase honek. Eider Rodriguezek Elkar etxeak plazaraturiko Katu jendea ipuin bildumea aurkeztuko dau, Karmele Jaio idazlea bidaide dauela. Saioa Elkar aretoan egingo da arratsaldeko 18:30ean.

Kontuak kontu, 2010eko udagoienean Euskal Herriko uri eta herri desbardinetara helduko da Kilkerren Sokaren lehen mutur hau, baina urte barriagaz batera sokea luzatzen joatea espero dau 111 Akademiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu