Bilboko Zirkuituak udagoieneko denporaldiari hasierea emongo deutso tartean hiru estreinaldigaz

Bizkaie! 2010-10-14 12:06   Kulturea

Bilboko Zirkuitua programea, Euskadin arlo horretan egiten dan ekimen bakarra da. Gure uriko antzerki taldeei euren lanak aurkezteko aukerea eskaintzeaz gan, Bilboren kultur eskaintzea deszentralizetan be laguntzen dau, izan be, Bilboko hainbat barrutitan eskaintzen da urte osoan.

Bilboko Zirkuitua, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako programeak urriaren 19an inaugurauko dau udagoieneko denporaldia, zazpi antzerki muntaia barrigaz, horreetako hiru estreinaldiak. Lanak hainbat auzotan eskainiko dira, abenduaren 10era bitartean. Emonaldiak ohiko eszenatokietan eskainiko dira, Barrainkuako, Otxarkoagako, Begoñako eta San Frantziskoko udaltegietan, Solokoetxeko Institutuan, Iturrigorri - Peñaskaleko Herri Ikastetxean eta aurten, barrikuntza moduan, Zurbaranbarri herri ikastetxean. Bilboko Zirkuituak urteko azken hiruhilekorako, programan barriak diran bost antzerki talde aurkeztuko ditu: Mama Crea, Trashumantes & Lanovia, La casa sin barrer, Nexoteatro eta Khea Ziater.

Mama Creako kideak izango dira datorren martitzenean, hilaren 19an, programazinoari hasierea emongo deutsienak, Parcela 85 Partzela lana aurkeztuz Barrainkuako Udaltegian (19:30etan). Mama Crea emakumeek bakarrik osotzen daben antzerki konpainia profesionala da, eta ohiko eskaintzatik harago joan nahi dau, arte eszenikoak apliketako espazio barriak bilatuz. Ikuskizun horretan publikoari eta pribatuari buruzko gogoetea proposatzen dabe, nirea danaren eta nirea ez danaren, danona danaren, artekoa.

Urriaren 27an, Solokoetxeko institutuan estreinauko dan Trashumantes & Lanovia konpainiaren Leyendas urbanas lanak, gaua ardatz hartuta, ondoko osogaiak ditu: tabernak, diskotekak, komunak, autoen barrualdeak, eguneko hogeita lau orduan zabalik dagozan dendak, zentzunik bako ibilaldiak, gaueko irrati saioak, ezezagunak, alkarketak, alkarrizketa digresiboak, metafisikoak, hutsak.

Denporaldiko hirugarren estreinaldia, Make up, Khea Ziater konpainiaren eskutik helduko jaku. Otxarkoagako udaltegian eta Zurbaranbarri ikastetxean ikusi ahal izango dan antzezlan horrezaz gan, konpainiak beste lan bat be eskainiko deutse ikus-entzuleei, La canción de Gloria izenekoa, hain zuzen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa dauen Bilboko Zirkuitua programea, Euskadin arlo horretan egiten dan ekimen bakarra da. Gure uriko antzerki taldeei euren lanak aurkezteko aukerea eskaintzeaz gan, Bilboren kultur eskaintzea deszentralizetan be laguntzen dau, izan be, Bilboko hainbat barrutitan eskaintzen da urte osoan.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizidadea eskaintzen deutse konpainiei, baita konpentsazino ekonomiko bat be. Ikusleei jagokenez, konbidapenagaz doban sartu ahal izango dira. Programazinoan formatu txikiko lanak eskaintzen dira, gaztelaniaz eta euskeraz, eta lanen edukiak mota guztietakoak dira, izan be, hurreratzen diran ikusleak be mota guztietakoak dira.


Bilboko Zirkuitua. Urria- Abendua 2010 egitaraua

- Urriak 19: Parcela 85 Partzela (Mama Crea konpainia) Barrainkuako udaltegian.
- Urriak 21: Leyendas urbanas' (Trashumantes & Lanovia konpainia) Otxarkoagako udaltegian.
- Urriak 22: C/ Calvario nº 13 (La casa sin barrer konpainia) Zurbaranbarri herri ikastetxean.
- Urriak 27: Ikuskizun lazgarria (Trashumantes & Lanovia konpainia) Solokoetxeko Institutuko Ekitaldi Aretoan. Euskeraz.
- Zemendiak 3: C/ Calvario nº 13' (La casa sin barrer konpainia) Altamirako udaltegian.
- Zemendiak 11: La psicovenganza del bandido Nico Foliato (Nexoteatro konpainia) Iturrigorri-Peñaskaleko herri ikastetxean.
- Zemendiak 18: Make up' (Khea Ziater konpainia) Otxarkoagako udaltegian.
- Zemendiak 19: La psicovenganza del bandido Nico Foliato (Nexoteatro konpainia) Zurbaranbarri herri ikastetxean.
- Abenduak 2: La canción de gloria (Khea Ziater konpainia) San Frantziskoko udaltegian.
- Abenduak 10: Make up (Khea Ziater konpainia) Zurbaranbarri herri ikastetxean.

Emonaldi guztiak 19:30etan hasiko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu