Agerre Teatroak ‘Nork ikusi du Dultzinea?’ ikuskizun barria estreinauko dau Villabonan

Bizkaie! 2010-09-29 15:05   Kulturea

Maite Agirrek urriaren 3an, Villabonako Gurea Antzokian umeentzako lan barria estreinauko dau.

FITICH-Versión Invierno Txileko jaialdian '¡Puta vieja alcahueta Celestina!' oholtzaratuz eta umeakaz batera egitasmo bat gauzatu ondoren, Maite Agirrek urriaren 3an Villabonako Gurea Antzokian umeentzako lan barria estreinauko dau. Azken boladan Agerre Teatroaren antzerkian agertu diran elementu komunak izanik, besteak beste, Urrezko Mendeko antzerkia edota On Kixote, Teresa Panza eta Doltza lako pertsonaiak berreskuratuz, Miguel de Cervantesen liburuaren pasarterik esanguratsuenak islatzen ditu antzezlan honek, nahiz eta Agirreren esanetan 'obra honen ikuspegi zabala emotea baino, irakurzaletazuna eragitea dau helburu eta umeei, liburuakaz gauza asko egin daitekezala adierazotea. Liburuakaz gatxa dana aspertzea da'.

Maite Agirrek idatzia, Agerre Teatroaren ohiko lankideak batzen ditu, besteak beste, Ainhoa Pineda, David Azurza Kontratenorea, Amaia Corral txalapartaria eta Inés Martínez de Iturrate txotxongilo-antzezle eta musikaria. On Kixoteren istorioa oinarri dabela, umeen partaidetzea bultzatzea dabe helburu, ikuskizuna bapatekotasunari eta jolasari zabalik dagoan neurrian. Holan bada, umeek koru bateko kide bilakatu, txalapartea jo edota txotxongiloakaz jolastuko dabe, konpainia donostiarraren ‘Haur Kabareta’ (Max Saria 2008) aurreko ikuskizunean bezela.

'Zoroek, umeek moduan, helduen begietatik kanpo gelditzen diranak ikusteko gai dira. Zergaitik ete da? Helduok inora be ez dogulako begiratzen, korrika eta presaka gabiltzalako, eta ikusteko, begiratu egin behar dalako', dino antzezlanak Pomelo pertsonaiaren bitartez. Izan be, umeak antzokira eroan baino, eurekaz hara joateko esperientzia bultzatu nahi izan dau Agerre Teatroak, helduei be keinuak eginez.


Doltza, Dulcinea Quijote vs. Teresa Panza

Bestalde, ‘Doltza. Dulcinea Quijote vs. Teresa Panza’-ko pertsonaiek be nahikoa lana izango dabe hilebete honetan, izan be, Tolosako Leidor Antzokia (Urriak 1, 20:30), Elorrioko Arriola Aretoa (Urriak 14, 11:00), Zumaiako Aita Mari Antzokia (Urriak 15, 22:00) eta Hernaniko Biteri Kultur Etxea (Urriak 16, 20:00) bisitauko ditue. Helduentzako antzezlan hau Mozanbiken estreinautako ‘Dulcinéia e o Cavaleiro dos Leões’-en berregituraketea da.

Aitatu obran musikari eta komeriante taldea dogu protagonista. Euren helburua, On Kixoteren istorioa taularatzea da, eta asmoa lortzeko, ikuslegoaren partaidetzea beharrezkoa izango dabe. Maite Agirregaz batera, ikuskizun honetan Amaia Corral, Kepa Fersan, David Azurza, John Bolduan, Inazio Tolosa, Iker de la Concha, Erik Probanza, Abarchic Salem Mohamed eta Iñaki Larrañaga agertzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu