Seve Callejak eta Lutxo Egiak umeei zuzendutako liburu bana kaleratu dabe
2010-09-27 15:58 KultureaSeve Calleja eta Lutxo Egia idazleek haur literaturea ardatz hartuta, liburu bana aurkeztu dabe gaur Bilbon, Elkar argitaletxearen eskutik. Liburuek ezaugarri bera daukie: Eider Eibar marrazkilariak egin ditu lan bietako irudiak.
Seve Calleja eta Lutxo Egia idazleek haur literaturea ardatz hartuta, liburu bana aurkeztu dabe gaur Bilbon, Elkar argitaletxearen eskutik. Liburuek ezaugarri bera daukie: Eider Eibar marrazkilariak egin ditu lan bietako irudiak.
Callejaren 'Kanpokoa naiz, eta zer?' liburuan, Andres, Andy edo Ander, deitura guztiei bardin erantzuten deutson pertsonaia da protagonista. Gurasoak Bolivian itxita, Euskal Herrian bizi da amumagaz eta, aurten, lehenengoz, Olentzerok ekarriko deutsoz Gabonetan opariak. Berak be sorpresa bat dauka lagunentzat gordeta.
Seve Calleja Zamoran jaio zan 1953an. Umetan familiagaz batera Euskal Herrira etorri zan bizitera. Egun, Bilbon bizi da eta institutu batean egiten dau lan. 'Dado iratxoa' ipuinagaz Lizardi saria irabazi eban 1985ean. Handik aurrera ipuin asko idatzi ditu bai umeentzat bai gazteentzat, eta, arlo honetan hain ezaguna ez izan arren, baditu helduentzako liburuak be. Literatura idazteaz gain, Euskal Herrian haur literaturearen esparrua sakon aztertu eta ikertu dauenetariko bat da.
Lutxo Egiaren 'Atzeraka nabil' lanean, ipuineko protagonisteak bere bizitzako erabagirik garrantzitsuena hartuko dau: atzeraka ibiliko da hemendik aurrera. Halanda be, aitari ez jako bape ideia ona otu; aurrera begira ibili behar dala esaten deutso, etorkizunak zer dakarren ikusteko eta estropezu ez egiteko. Aitak, orduan, etorkizuna iragarriko deutson emakume sorgin batengana joatea erabagiko dau.
Lutxo Egia 1969ko abuztuaren 12an jaio zan, Santanderren. Bilbo da bere bizilekua txikitatik eta gaztea zala euskaldundu zan. Idaztean, eleberriak eta poemak tartekatzen ditu: 'Sei poema solte', Maiatz, 1996; 'Kalezuloko animalien itzalak', Pamiela, 1999, 'Herrenak' poema soltea. Hiru nobela argitaratu ditu orain arte: 'Paperezko hegazkinak' Susa, 2002; 'Ezker hanka falta zuen', Susa, 2005; 'Zubigilea', Susa, 2007.
Liburu biak Eider Eibarren marrazkiakaz horniduta dagoz. Eider Eibar (Zornotza, 1980) marrazkiakaz loturea dauen edozerk erakarten dau. Arte Ederretan lizentziaduna, horma-irudiak, animazinoak, txotxongiloak eta zenbait liburu marraztu ditu haur literaturan, horreen artean: 'Egizu lo' (2005), 'Pello Telleriaren amets eroak' (2006), 'Matxinsaltoen belarriak' (2006), 'Olentzeroren malutak' (2007), 'Zaldun beltzak' (2008), 'Malanjel pirata' (2009), 'Txanpirrin pintxona' (2009) eta honako honeek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!