Agirre lehendakariak karguaren zina egin eban momentuaren antzezpena urriaren 7an izango da Gernikako Arbolapean
2010-09-23 18:41 KultureaEkitaldiaren asmoa gure lehenengo lehendakariaren figurea ohoratu eta goratzea da, Eusko Jaurlaritza haren legitimidade demokratikoa eta politikoa errebindiketea eta belaunaldi harek herri honen askatasunaren eta burujabetzaren alde egindako lana agerrarazotea.
Aurten Agirre lehendakariaren heriotzearen 50. urteurrena gogoratzen dalarik, AL50 Batzordeak, harako 1936 haretan Batzar Etxean egin zan Euskadiko lehenengo Jaurlaritzea sortzearen eta Jose Antonio Agirrek Gernikako Arbolapean egin eban zinaren antzezpen bat egingo da. Antzezpen-ekitaldia 2010eko urriaren 7an, eguenean egingo da, Gernikako Batzar Etxean, 16:30ean.
Edozelan be, asteon, irailaren 24an, barikuan, 15:30ean, Gontzal Mendibil aitatu antzezpenaren zuzendariak eta Ramon Agirre aktore nagusiak (Agirre lehendakaria) komunikabideakaz egingo dabe berba Gernikako Batzar Etxean; ondoren, proba-saio orokorraren irudiak grabau ahal izango dira.
Antzezte-zereginetan 60 aktore eta figurantek jardungo dabe, urte odoltsu eta gogor hareetan, Gerra Zibila bete-betean zala, gauzatu zan jazoera historiko haren antzezpenean.
Gobernu-hartzeko hitzaldiek, ekitaldi hareen mahaiburutza foru-tankeraz eratzeak, gudarien desfileek eta lehenengo Eusko Jaurlaritzeari egindako arma-aurkezteak gogorarazoko deuskuez 1936ko urriko 7 haretan bizi izandako momentu hunkigarriak.
Garaiko jantzi eta atrrezzo eta guzti (José Mª Tuduri), eta gerra-fronteko irudiak be proiektauko dira; ekitaldian, bestalde, Ertzaintzaren Musika Bandak, Gernikako Gaudeamus Koralak, Beti Jai Alaiko jantzariek eta Bilboko Udal Txistulari Bandak be parte hartuko dabe.
Gontzal Mendibilek sortutako antzezpenean, eta beraren zuzendaritzapean, Ramon Agirre aktoreak hazurmamituko dau XX. mendean Euskadin eraginik handiena izan dauen politikaria.
36ko Eusko Jaurlaritzearen kideek, ekitaldira etorritako kontsulek, Errepublikearen ordezkari instituzional zenbaitek eta usadio zaharrean eratutako mahaiburutzeak emongo deutsie bizia sinbolismoz betetako ekitaldiari.
Agirre lehendakariaren balioak eta ondarea ardatz hartuta dator haren heriotzearen 50. urteurrena. Eta ekitaldi honen asmoa, hain zuzen be, gure lehenengo lehendakariaren figurea ohoratzea da, Eusko Jaurlaritza haren legitimidade demokratikoa eta politikoa errebindiketea eta belaunaldi harek herri honen askatasunaren eta burujabetzaren alde egindako lana agerrarazotea.
Kontuak kontu, ekitaldia urriaren 7an izango da, arratsaldeko 16:30ean, 1936an Euskadiko lehenengo Jaurlaritza eratu zan egun eta ordu berean. ETBk ekitaldia grabauko dau, eta dokumental moduan emongo da zuri-baltzean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!