GetxoPhoto: kalean zein aretoetan ikusgai

Bizkaie! 2010-09-16 12:09   Kulturea

Argazkiak kalean ikusteaz gan, GetxoPhotoz erakusketa-aretoetan be disfrutatu daiteke. Amezti kalean egokitutako erakusketa gela batean zein Algortako Kultur Etxeko aretoan ikus daitekez, besteak beste, lanak, urriaren 2ra bitartean.

Aisiari Gorazarre da GetxoPhotoko laugarren edizino honetan parte hartzen daben autoreen lanen gaia. Frank Kalero komisario legez eta Begihandi Elkarteak antolatuta, aurtengo jaialdiak egile europarretan eta Ipar Amerikakoetan jarri dau atentzinoa: Martin Parr, James Mollison, Phil Toledano, Nadav Kander, Anoek Steketee, Martin Kollar, Naomi Harris, Steve Schofield, Mentalgassi, Txema Salvans, Peter Dench, Martin Schoeller, Robert Huber, Greg Miller, Andreas Meichsner, Eduardo Arrillaga eta Captura.org.

Oraingoan, GetxoPhoto erakusketako argazkiek kalera urten dabe. Irudiak, batez be Ereagako hondartzatik Algortako Portu Zaharrarera bitartean dagoz ikusgai. Bertan, Martin Schoeller, Steve Schofield, James Mollison, Martin Parr eta Robert Huber autoreen lanak ikusi ahal dira. Baina argazkiak kalean ikusteaz gan, GetxoPhotoz erakusketa-aretoetan be disfrutatu daiteke. Egunotan, Andreas Meichsner-en Welcome to the club eta Arcadia lanak Torrene 3 kalean ikusgai egongo dira. Algortako Azokearen barruan Anoek Steketee autorearen DreamCity seriea ikusi ahal da: dibertiduteko eta egunerokotasunetik urruntzeko modua erakusten dau. Amezti kalean erakusketa gela bat egokitu da Naomi Harris kanadiarraren America Swing lana jarteko. Algortako Kultur Etxeko aretoan Martin Kollar-en argazkiak topau daitekez Nothing Special izenburupean eta urriaren 2ra arte ikusgai egongo dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu