Maite Carranza idazle eta giodoigile bartzelonarrak 'Hitz pozoituak' izeneko liburua aurkeztuko dau gaur

Bizkaie! 2010-05-26 11:45   Kulturea

Umeei eragindako sexu-gehiegikeriei buruzko intrigazko nobelea da 'Hitz pozoituak' ('Paraules emmetizandes'), eta Edebe Gazte Literaturako saria irabazi eban joan dan urtarrilean. Nobelea jatorriz katalanez idatzita dago, baina euskeraz, galizieraz, gaztelaniaz eta brailez be argitaratu da.

Maite Carranza idazle eta giodoigile bartzelonarrak 'Hitz pozoituak' ('Paraules emmetizandes') izenburuko liburua aurkeztuko dau gaur, maiatzak 26, Bilboko Bidebarrietako liburutegian. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

Umeei eragindako sexu-gehiegikeriei buruzko intrigazko nobelea da 'Hitz pozoituak', eta Edebe Gazte Literaturako saria irabazi eban joan dan urtarrilean. Nobelea jatorriz katalanez idatzita dago, baina euskeraz, galizieraz, gaztelaniaz eta brailez be argitaratu da.

Carranzaren nobelea umeei eragindako sexu-gehiegikeriei eta horreen ondorio ikaragarriei eta sarritan ondorio horreek ikusi ez izanari buruzko kontakizuna da eta 16 urtetik gorako gazteei dago zuzenduta.

Hizkuntza argiaren eta zuzenaren bidez, nobeleak neska nerabe baten bahiketea kontetan du, lau urte irauten dituan bahiketea, hain zuzen be. Danek hilda dagoala uste daben bitartean, zulo batean bizi da, sexu-gehiegikeriak eta bestelako tratu txarrak sufriduz. Polizia bat, biktimearen ama eta lagunik onena izango dira kontakizuna osotuko daben ganerako ahotsak. Kontakizunaren bitartez, egileak, horrelako egoera gogorretan pertsona batek bizirik irauteko dituan mekanismoak zeintzuk diran topau gura dau.

Nobela honen bitartez, Maite Carranzak gizartearen hipokresia be salatu gura dau, izan be, bere eretxiz, gaiari buruz ez da nahiko berba egiten eta ikastetxeetan ez dira prebentzino-kanpaina nahiko egiten.

Maite Carranza idazlea, gidoilaria eta irakasle bartzelonarra Antropologian lizentziau zan, eta hizkuntza eta literatura irakasle aritu zan, haur eta gazte literaturan bere lehen pausuak emoten zituan bitartean. Bere lehenengo lanak Serra d'Or 1986 Kritikearen Saria lortu eban, eta hurrengo urteetan Folch i Torres 1987 eta Joaquim Ruyra 1989 sariak irabazi zituan.

Literaturearen munduan egin dauen produkzinoa etenik bakoa izan da, eta bere liburuak barriro argitaratu, itzuli eta sarituak izan dira. 41 obra argitaratu ditu, gehienak gazteei eta umeei zuzendutakoak. Argitaratu dituan lanen artean arrakasta handia lortu daben lanak dagoz, 'Mauro Ojos brillantes' edo 'Nahi duzu izan nire ahizparen mutila? / ¿Quieres ser el novio de mi hermana?', kasurako.

Halanda be, arrakasta handiena lortu dauen lana 'La Guerra de las Brujas' (2005-2007) trilogia da, 22 hizkuntzatara itzuli baitabe. Bere azken nobelea, 'Magia de una noche de verano' (2009) izenburukoa, Protagonista Joven 2010 saria lortzeko hautagaien artean dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu