Hamasei konpainia izango dira Arrigorriagako XV. Nazinoarteko Klown Jaialdian
2010-04-22 15:37 KultureaArrigorriagako Nazinoarteko XV. Klown eta Pailazoen Jaialdiaren hamabosgarren edizinoa maiatzaren 6tik 9ra bitartean ospatuko da, bere hasierako dimentsino multikultural eta pedagogikoari bide emoten jarraituz.
Arrigorriagako Nazinoarteko XV. Klown eta Pailazoen Jaialdia maiatzaren 6tik 9ra bitartean ospatuko da, bere hasierako dimentsino multikultural eta pedagogikoari bide emoten jarraituz. Danetara, hamasei ikuskizun plazaratuko ditue Belgika, Italia, Frantzia, Alemania, Argentina, Andaluzia, Katalunia, Euskadi, Madril, Nafarroa eta Aragoitik etorritako konpainia eta artistek.
Kabareta, klowna, akrobaziak, malabareak eta, guztien gainetik, umore ona izango da nagusi lau egun horreetan, helduentzako zein umeentzako berenberegi pentsautako proposamenak edota familiartean disfrutetakoak be izango diralarik. Aurten, nobedade asko izango dira ikusgai: publikoagaz egingo dan aurreestreinaldi bat, Estadu espainolean lehenengoz aurkeztu behar dira bost ikuskizun eta Euskadin aurretik ikusibako beste bi proposamen izango dira. Nabarmena da bi ikuskizunetan emakumeek daben presentzia.
Ohikoa dan legez, Klown eta Pailazoen Jaialdiak Bizkaiko beste zenbait herritara luzatuko dau bere programazinoa eta, ikuskizunak eskaintzeaz gan, umeakaz zein Arte Eszenikoen profesionalakaz garatzen dauen formakuntzeari be bide emongo deutso.
Kaleko arteen aldeko apustua
Arrigorriagako Udala antolatzaile dauela, Pailazo eta Klown Jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa jaso dau, FYM Italcementi Group, BBK, Euskaltel, ADIF, RENFE eta Deiaren babesagaz batera.
Egitasmo hau 1995. urtean sortu zan, Kaleko Arteak arte eszenikoen barruan azpigenerotzat ikusten zan garai batean. Ordutik, Arrigorriagako kale zein eszenatokietan nazinoarte mailan ondo ezagunak diran artista eta konpainiak izan dira, besteak beste, Tortell Poltrona, Markeliñe, Juan Tamariz, Pepa Plana, Jhonny Melville, Virginia Imaz eta Abigail Collins.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!