Bilboko Campos Eliseos Antzokia martxan honezkero
2010-03-11 11:34 KultureaAlfredo Acebal arkitektoaren proiektua eta J.B. Darroguy dekoratzaile frantziarraren lana tarteko, 1920an eregi eta azken ia hogei urteotan zarratuta egon ostean, Kukai Dantza Taldeak ekingo deutso Bilboko antzoki historikoaren etapa barriari.
Alfredo Acebal arkitektoaren proiektua eta J.B. Darroguy dekoratzaile frantziarraren lana tarteko, 1920an eregi eta azken ia hogei urteotan zarratuta egon ostean, Kukai Dantza Taldeak ekingo deutso Bilboko antzoki historikoaren etapa barriari. Inaugurazino ekitaldian Kukai dantza konpainiaren 'Soka 2' ikuskizunaren erabateko estreinaldia izango da ikusgai. Gipuzkoako jantza taldea izango da taula gainera igoten lehenengoa baina garagarrilera bitartean, danetara, 45 ikuskizun hartuko ditu eraikinak. Musika arloan, bertan izango dira, besteak beste, John Mayall, Victor Manuel, Milladoiro eta Benito Lertxundi.
Jantza arloan, barriz, Brasilgo Corpo Balleta be Campos Antzokian izango da, egungo jantza talderik garrantzitsunetako bat. Susana Rinaldiren Tango Nazinoarteko Balleta be Bilbon izango dogu, 'Argentina contemporánea' lan arrakastatsuagaz. Grease musikalaren bertsino laburrago bat be taularatuko dabe areto nagusian, eta Suso Silvaren 'Circo de los Horrores' be izango da ikusgai, Madrilen eta Bartzelonan izan dauen arrakastearen ondoren.
Antzerki arloan, martiaren 13an, Gaitzerdi antzerki taldeak 'Decir lluvia y que llueva' lana eskainiko dau. Apirilaren 2an eta 4an, Pikor Teatroren txandea izango da 'XL Town' lanagaz. 8an, Nexo Teatrok 'Las presidentas' eskainiko dau euskeraz eta gaztelaniaz eta, 15ean, Hika Teatroren 'Aitarekin bidaian' obra arrakastatsua izango da ikusgai. Bagilaren hasieran, 'El club de las mujeres invisibles' taularatuko dau Vaiven taldeak, lehenengo aldiz Bilbon.
Campos Eliseos Antzokiak zazpi pisu ditu, lehen baino bi gehiago, eta danetara 7.300 metro koadro. Solairuak gehitzeak aldi berean bi ekitaldi eskaintzeko aukerea emongo dau. ganera, lehengo hiru anfiteatroak barritu ditue, bakotxak 110 jesarleku ditualarik; beheko ia 500 jesarlekuak kontuan hartuta, danetara, 800 lagun hartzeko lekua izango dau antzokiak.
Bilboko Campos Eliseos antzokiko proiektua SGAEren ARTeria sarearen barruan dago, arte eta kultura egoitzen nazinoarteko sarean, hain zuzen be. SGAEk eta Bilboko Udalak 2003an sinatutako hitzarmenaren emoitzea da ekimena eta, esandakoak esanda, zaharberritutako Bilboko Campos Eliseos antzoki ezagunak programazino barriari ekingo deutso gaur, martiaren 11n. Egile eta Editoreen Alkarteak (SGAEk) kudeatuko dau datozen 30 urteotan antzokia eta Bilboko antzoki mitikoa Egile eta Editoreen Alkartearen, SGAEren, egoitza barria izango da aurrerantzean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!