Sara Barasek 'Esencia' izeneko ikuskizun barria aurkeztuko dau Bilbon

Bizkaie! 2010-02-15 14:02   Kulturea

Zezeilaren 16tik 21era bitartean, Sara Baras izango da Arriaga Antzokiko erregina. Flamenko jantzari ospetsuak 'Esencia' izeneko azken ikuskizuna aurkeztuko deusku (Kadizko artistearen 11 urteko ibilbidea laburbiltzen dauena).

Zezeilaren 16tik 21era bitartean, Sara Baras izango da Arriaga Antzokiko erregina. Flamenko jantzari ospetsuak 'Esencia' izeneko azken ikuskizuna aurkeztuko deusku (Kadizko artistearen 11 urteko ibilbidea laburbiltzen dauena); bertan, munduko eszenatokietan zehar egin dauen ibilbideari errepasoa emoten jako. Arriaga Antzokira heldu aurretik, 'Esencia' ikuskizuna Parisen estreinau zan 2009ko abenduaren 19an, upealako arrakasteagaz. UriHiri horretan jaso eban, hain zuzen be, Grande Médaille de Vermeil de la Ville de París izeneko aitamena, artista batek Frantzian jaso leiken saririk handienetarikoa.

Jantzari ezagunaren 'Esencia' ikuskizunak zabalduko dau Arriaga Antzokiko jantza programazinoa aurten. Aurretik be izan da gure artean beste ikuskizun batzuekaz, besteak beste, 'Carmen' 2008ko abenduan edota 'Sabores' obreagaz 2007ko bagilean.

Ohikoa dan legez, ikuskizun barri honek be zuzeneko musikea dauka eta, horrezaz gan, jantza-talde bikaina, artista konbidatuak, neurriko eszenaratzea, bere ikuskizunetan ohikoa bilakatu dan erropen kolore-aniztasuna, funtzionaltasuna eszenako dispositiboetan eta, batez be, flamenkoa. Flamenko ezin hobea. Horreek dira ikuskizun antologiko honen osogaiak, artista kadiztarraren momenturik onenak batzen dituenak.

Sara Barasek jantza-sorta zabala eskainiko deusku, alegria-tik hasi eta tanguillo arte, farruca eta buleriak tartean dirala. 2009an bete ziran hamaika urte Sara Baras lehenengo aldiz taula gainera igon ebanetik eta, beraz, etenik bako hamarkadea gainditu du, talentu eta lanez ganezka, bere jantza-talde propioagaz, mundu mailan espainiar kulturearen erreferente bilakatu arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu