Murilloren gaztaroko obrak Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2009-10-20 11:24   Kulturea

'El joven Murillo' erakusketea Arte Eder Museoko BBK aretoan dago ikusgai 2010eko urtarrilaren 17ra arte; Espainian aurretik ikusi ez diran lanak dira, museo eta bilduma garrantzitsuek itxita.

Bilboko Arte Eder Museoak Bartolome Esteban Murillo artistearen erakusketa bat hartuko dau 2010eko urtarrilaren 17ra arte. Sevillako margolariaren gaztaroa eta heldutasuna dagoz ikusgai lan horreetan.

Alfonso E. Pérez Sánchez eta Benito Navarrete komisario dirala, erakusketeak Murilloren (Sevilla, 1617-82) gaztaroko berrogeita hamar obra inguru batuko ditu. Sasoi hori erabagiorra izan zan margolariaren ibilbidean, eta Bilboko eta Sevillako Arte Eder Museoek Murilloren etapa horretako artelan esanguratsuak ditue: San Pedro malkotan (c.1650-55) eta San Lesmes (c. 1655) Bilbon, eta San Frantzisko (c.1645-50) eta San Jeronimo (c. 1665-75) Sevillan. 1640 inguruan, Murillok bere lehenengo arrakasta artistikoa izan eban, eta goranzko ibilbideari ekin eutson. Hasierako sasoi haretan, tenebrismoan eta naturalismoan oinarritutako obrak egin zituan, aurreko belaunaldiko maisuen (Zurbarán eta Ribera, besteak beste) eragina erakutsiz, batez be argien kontrasteetan eta materiaren behaketarako joeran. 'El joven Murillo' erakusketea Arte Eder Museoko BBK aretoan dago ikusgai; Espainian aurretik ikusi ez diran lanak dira, museo eta bilduma garrantzitsuek itxita.

Javier Viar Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria, Antonio Alvarez Sevillako Arte Eder Museoko zuzendaria, Antonio Alvarez Andaluziako Kulturako Probintzia arduraduna, Gorka Martinez BBK Fundazinoaren zuzendaria eta Benito Navarrete erakusketearen arduraduna izan dira 'El joven Murillo' erakusketearen inaugurazinoan.

Bilboko museoaren zuzendariak azaldu dauenez, erakusketea egiteko nazinoarteko bilduma eta museo ezagunen maileguak izan ditue, Cambridgeko Fitzwilliam Museuma, Estokolmoko Nazinoarteko Museoa, Lisboako Artiga Arte Museoa, Dublingo Galeria Nazionala edo Madrileko Prado Museoa, besteak beste.

Sevillako museoaren zuzendariak pinakoteka horren eta Bilboko Arte Eder Museoaren arteko hartu-emon ezinhobeak goraipatu ditu, izan be, alkarlan horren emoitzea izan da Murilloren lan hori erakustea. Danetara, 42 obra dagoz ikusgai, 1640 eta 1655. urteen artean pintautakoak, orain Bilbon eta aurrerago Sevillan.

Zazpi ataletan banatu dabe erakusketea, artistearen eboluzinoa hobeto atzemoteko. Lehenengoan, bere hasierako lanak dagoz: Autorretratu bat, bi birjina Santo Domingogaz eta bi Trinitate.

Sevillako publiko zabalaren artean ezagutzera emon eban obreagaz jarraitzen dau erakusketak. Desagertuta dagoan Sevillako San Frantzisko komentuko 'Claustro Chico' dekoretako mihiseak egitea izan zan bere karrerako lehenengo enkargu garrantzitsuena, eta lan horreetatik sei erakusketa batean alkarren ondoan lehenengoz Bilbon izango dira ikusgai.

Murillok gizarteagazko izan eban kontzientzia erakusten daben obrak batzen ditu hirugarren atalak. Ume eta agure behartsuak azaltzen ditu artisteak bere koadroetan, eta hor topauko doguz Pariseko Louvre museoak itxitako 'Eskale gaztea', edo 'Irule zaharra' eta 'Mutilak mahatsa eta meloia jaten' lako obra ezagunak. Gainerako ataletan, Alemaniako Kasselgo museoak itxitako 'Jose eta Putifarren emaztea' lana edo 'San Pedro malkotan' (Arte Eder Museorena) eta 'San Jeronimo penitentea' (Sevillakoarena) be topauko doguz.

Erakusketaeren zuzendariak adierazo dauenez, horreek ez dira Murilloren lanik ezagunenak eta 'Zurbaranen, Herrera el Viejoren eta Riberaren lanetatik oso hur dagoan errealismoa topauko dau bisitariak'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu