Guggenheim Bilbao Museoak 'Frank Lloyd Wright' erakusketea aurkeztuko dau asteon

Bizkaie! 2009-10-20 10:49   Kulturea

Bihar, urriak 21, Guggenheim Bilbao Museoak 'Frank Lloyd Wright' erakusketea aurkeztuko dau, Europan arkitekto estadubatuar horri inoiz eskaini jakon erakusketarik sakonena.

Bihar, urriak 21, Guggenheim Bilbao Museoak 'Frank Lloyd Wright' erakusketea aurkeztuko dau, Europan arkitekto estadubatuar horri inoiz eskaini jakon erakusketarik sakonena.

'Frank Lloyd Wright' erakusketeak Wrighten espazioaren gaineko pentsamenduaren garrantzia eta horrek bizitza modernoan izan dauen eragin handia ezagutzera emoten deuskuz. Holan, laurogei proiektu baino gehiago aurkezten dira erakusketan (etxe partikularrak, eraikin publikoak, bulegoetakoak, erlijiosoak, gobernuetakoak eta auditoriumak, antzokiak edo inoiz gauzatu bako uri egiturak), Wrighten arkitektureak gizartea eta naturea alkarrekintzan eta armonian egotea bultzatzen dauela nabarmentzeko.

Frank Lloyd Wrighten arkitekturea deigarria da bizi-kalidadea hobetzen dauelako: haren garaiari, eregite lekuari, bertan bizi diran personei, hurreratzen diranei eta erabilten dituenei egokitzen jakezan erakinak egin zituan. Horrezaz gan, materialak modu barri batean erabili zituan eta eraikinak inguruagaz eta natureagaz batu zituan.

Hezkuntzearen garrantzian sinisten eban eta arkitektura eskola bat sortu eban bere etxean, Taliesin-en (Spring Green, Wisconsin) eta unibersidade-uri bat Scottsdale-n, Arizonan.

Wright izan zan arkitektura organikoaren adierazle nagusia. Arkitektura mota horretan ez dabe banatutako espaziorik erabilten eta sortzen dituen eraikinak kanporantz zabaltzen dira estalki lauen eta terrazen bidez, argi natural asko daukie eta, esandako moduan, inguruagaz bat egiten dabe.

Kontuak kontu, Bilboko Guggenheim Museoan Wrighten proiektuak egongo dira ikusgai eta horreek ia 200 jatorrizko marrazkiren, maketen, animazino digitalen eta beste hainbat euskarriren bidez azaltzen dira.

Iberdrolak babestu dau eta alkarlanean antolatu dabe Frank Lloyd Wright Foundation-ek, Solomon R. Guggenheim Foundation-ek eta Guggenheim Bilbao Museoak.

'Frank Lloyd Wright' erakusketea urriaren 22tik 2010eko zezeilaren 14ra arte egongo da ikusgai publikoarentzat Bilbon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu