Lur Merinok diseinautako kartelak iragarriko dau Durangoko Liburu eta Disko Azokearen 44. edizinoa
2009-09-30 18:09 KultureaAstrabuduako (Erandio, Bizkaia) diseinatzailea Arte Ederretan lizentziaduna da, eta bere ibilbide profesionalean hainbat publizidade agentziatan eta komunikabidetan lan egin dau. Egun, freelance legez dabil. '44. edizinorako irudi indartsua gura neban. Elementu grafikoen ekonomia dago (tipografia, marrak eta kolore bakar bat) krisialdiak jota dagoan gaurko sasoiagaz bat etorteko, azaldu dau.
Durangoko Liburu eta Disko Azokearen 44. edizinoaren (abenduak 4-8) kartela aurkeztu barri da. Hirugarren urtez, kartela lehiaketa sistema bitartez aukeratu da, danetara 55 proposamen jaso ostean, aurreko urtean baino 20 gehiago.
Kartel irabazlearen egilea Lur Merino sortzailea izan da. Astrabuduako (Erandio, Bizkaia) diseinatzailea Arte Ederretan lizentziaduna da, eta bere ibilbide profesionalean hainbat publizidade agentziatan eta komunikabidetan lan egin dau. Egun, freelance legez dabil. Azpimarragarriak dira, zenbait lehiaketatan jaso dituan sariak eta aitamenak, besteak beste:
- Gasteizko Andre Maria Zuriaren Jaietako kartelaren irabazlea, 2000. urtean.
- Doctor Deseo taldearentzat 'Sexo, ternura y misterio' diskoaren diseinua, 2008an.
- Carsa Arte (Certamen Nacional de Pintura Arte y Tecnología) lehiaketearen 5. edizinoan lehenengo saria, 2009an.
Aurtengo kartela aukeratu dauen epaimahaia diseinu, komunikazino eta arte plastikoetako ondoko profesional honeek osotu dabe: Txelu Angoitia, argazkilaria; Pedro Mª Basañez, arkitektoa eta EHUko irakaslea; Nerea Mujika, Gerediaga alkarteko lehendakaria; Beatriz Pi, diseinatzailea; eta Imanol Larrinaga, artista plastikoa.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen 44. edizinoaren kartel lehiaketea irabazteagaitik, Lur Merinok 1.300 euroko saria jasoko dau.
Zure eskura dago / Al alcance de tu mano
'Zure eskura dago' da autoreak aukeratutako leloa, eta honakoa bere azalpena: 'lelo horren bidez jenteari azokara joateko konbita egin gura izan deutsat; kulturan inbertidutea guztion eskura dagoalako, ez pentsau hain karua danik'.
Diseinuaren eta irudiaren ganean, honakoa esan dau: '44. edizinorako irudi indartsua gura neban. Elementu grafikoen ekonomia dago (tipografia, marrak eta kolore bakar bat) krisialdiak jota dagoan gaurko sasoiagaz bat etorteko. Konposizinoan azokearen zenbaki ordinala nabarmentzen da, 44, eta beheko aldean irauli egiten da, erosi gura dogun disko edo liburua eskuragarri egingo deuskun eskailerea sortuz. Informazioa modu argian emoten da, distrakzinorik barik'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!