Bilboko Udaltegiak 'Expodistrito'-ren eszenatoki bihurtuko dira

Bizkaie! 2009-09-01 18:07   Kulturea

Gaur, irailak 1, hasi eta abenduaren 31ra arte, ekimen honegaz bat egin daben zazpi Udaltegietako edozeinetara hurreratzen diran bilbotarrek lau erakusketa desbardinez gozetako aukerea izango dabe: lau pintura-erakusketa, hiru argazki-erakusketa eta hogei urte bete dituan Hortzmuga antzerki-talde bilbotarraren ibilbideari eskainitako beste erakusketa bat.

Bilboko barrutietako udaltegietan antolatzen dan 'Expodistrito' izeneko aldi baterako erakusketa-zikloak 2009ko azken lauhilekorako programazinoa abiarazo dau asteon. Gaur, irailak 1, hasi eta abenduaren 31ra arte, ekimen honegaz bat egin daben zazpi Udaltegietako edozeinetara hurreratzen diran bilbotarrek lau erakusketa desbardinez gozetako aukerea izango dabe: lau pintura-erakusketa, hiru argazki-erakusketa eta hogei urte bete dituan Hortzmuga antzerki-talde bilbotarraren ibilbideari eskainitako beste erakusketa bat.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak urterik urte antolatzen dauen ziklo honen aurtengo edizinoa Abando-Barrainkua, San Ignazio-Ibarrekolanda, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko, Castaños eta 'Burtsa'-Ibaiondo udaltegietan egingo da. Erakusketa bakotxerako data zehatzak barrutietan bertan, udal webgunean (www.bilbao.net) eta 010 telefonoan kontsulta daitekez.

2009ko azken lauhilekoan, honako erakusketa hauek antolatuko dira udal instalazinoetan:


Pinturea

- Bizkaiko Alkarte Artistikoa. Margolariek nahiz idazleek osotutako alkarte hau 1945ean sortu zan, eta oraingo honetan, egile eta estilo desbardinez taiututako erakusketa zabala eskainiko dau, lan horreetan erabilitako gai eta teknika artistikoei errepasoa eginez.

- Inés Medina. New York-en egoitza dauen margolari bizkaitarrak normalean erakusketetarako erabilten dituanak baino neurri txikiagoko lanak aurkeztuko ditu oraingoan, neurri txikiagokoak neurriz baina ez asmoz, erakusketearen izenburuak adierazoten dauen legez: 'Ines Medinaren bi hemisferioak'. Egileak hogeita hamar urtetik gorako ibilbide profesionalean egin dauen bilakaerearen errepasoa eskainiko dau erakusketa honetan, baita Mondrian-ek eta Oteizak errealidadea irudikatzeko moduan egin deutsen eragina be.

- Fahed Halabi. Golango goialdeetan (Israel, Libano, Jordania eta Siriaren arteko mugalde gatazkatsuan) jaiotako margolari hau gitxiengo drusoaren kidea da, eta bere lanetan ezin argiago islatzen dau 'arteak errealidadeak aldatu eta giza-balioak sustatzeko' izan leiken ahalmenaren gaineko bere sinismen guztia. Erakusketa honetan, hiru hilebetez Bilbao Arteko instalazinoetan egindako lanen aukeraketa bat eskainiko deusku.

- Ruesgas. ‘Kreazioa’ hogei bat lanez osotutako arte-bildumea da, Unibersoa inspirazino-iturri nagusi dauena.


Argazkia

- Distrito Foto 2009. Erakusketa honen bitartez, Barrutietako Udaltegiek argazki-lehiaketa honen azken edizioan nagusitu ziran lanez gozetako aukerea eskainiko dabe. Gure uriko barruti eta auzoen gaineko ezagutza sustatzea da Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen lehiaketa honen asmoa.

- XXIX. Argizaiola Saria. Euskadiko Argazkigintza Alkarteen Federazinoak antolatzen dau lehiaketa hau 1973an sortu zanetik, eta derrigorrezkoa da konbidapena izatea bertan parte hartu ahal izateko. Lehiaketearen azken edizinoan parte hartu eben 17 egileen 120 irudietako batzuk batu dira Expodistritorako egindako aukeraketea osotzeko.

- Saioa Etxebarria. Saioa Etxebarriak 'Esenciales' eta 'So far' izenburupean osotu dituan argazki digitalen bildumei esker, ikusleek bertatik bertara ikus leikie, egile honek, inguruan dituan esparru eta jenteen irudien bidez, bere burua erretratetako etenbako ahalegina.


Antzerkia

- Hortzmuga. Erakusketeak Bilboko antzerki-talde honen ibilbideari buruzko atzera begirakoa eskainiko dau. Taldea orain hogei urte sortu zan, ikusleak zur eta lur itxi eta ikuskizunetan sarrarazoteko asmoz.

Urian lantzen diran adierazpide artistikoak deszentralizetea da 'Expodistrito' ekimenaren helburu nagusia, bai eta ahalik eta jente gehienarengana heldu, artista hasi barriak ezagutarazo eta artista ezagunen lana erakustea be. Programa arte estilo eta modalidade guztietarako zabalik dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu