Bonifazio Arandia, 'Fasio' trikitilariaren omenezko ekitaldiak Igorren, haren jaiotzearen mendeurrenean
2009-08-26 16:15 KultureaUdalak herriko ondarearen berreskurapenagaz lotzen ditu omenaldiko ekitaldiak; Oihane Goioaga Kultura zinegotziaren esanetan: 'Fasio trikitilari ezaguna zan, Arratian zein inguruetan urte luzetan alaitu zituan erromeriak bere akordeoi diatonikoagaz eta, esangura horretan, haren figurea berreskuratu nahiko geunke omenaldiagaz, jaiotzearen mendeurrena beteten dan urte honetan.
Joan dan mendeko trikitilari ezagunaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu Igorreko Udalak udagoien honetarako. 'Fasio' Igorren jaio zan 1909ko abuztuaren 30ean, beraz, aurten haren jaiotzearen mendeurrena beteko da. Udalak herriko ondarearen berreskurapenagaz lotzen ditu omenaldiko ekitaldiak; Oihane Goioaga Kultura zinegotziaren esanetan: 'Fasio trikitilari ezaguna zan, Arratian zein inguruetan urte luzetan alaitu zituan erromeriak bere akordeoi diatonikoagaz eta, esangura horretan, haren figurea berreskuratu nahiko geunke omenaldiagaz, jaiotzearen mendeurrena beteten dan urte honetan. Bide batez, XX. mendeko erromeria aldarrikatu gura geunke, orain urte batzuk upealako garrantzia izan eban fenomenoa izan zalako'.
Aurten egingo diran ekintzen artean, lehenengoa abuztuaren 30ean bertan izango da, 'Fasio'-ren jaiotzearen mendeurrenean bertan. Egun horretan, kalejirea izango da goizeko 11:30etan, Garbetik, haren omenez jarritako oroigarri-iturritik abiatuta. Eguerdiko 12:00etan mezea egongo da Andra-Mari parrokian eta ostean, lore-eskaintzea egingo jake senitartekoei eta oroigarri bat be emongo jake. Bertsolariak eta aurreskua be izango dira. 13:30etan, barriz, barauskarria egongo da bertaratutakoentzat.
Irailaren azkenean jarraituko dabe mendeurreneko ekitaldiek. Irailaren 24an, 'Fasio' eta XX. mendeko trikitixeari buruzko mahai-ingurua egingo da; 25ean, erromeria eta 26an, kontzertua. Erakusketea be antolatu dabe. Ekitaldi horreek guztiak Igorren egingo dira.
Herritarrek Fasio-ri egingo deutsien bigarren omenaldia izango da hau. 1988an egin eutsen lehenengoa, haren heriotzatik hilebete gitxira. Orduan, erakusketea, bazkaria eta trikitixa-jaialdia egin zituen eta Fasiorenbere auzoan (Garben) dagoan omenezko oroitarri-iturria inaugurau.
Biografia laburra
Bonifazio Arandia, 'Fasio' 1909an jaio zan, Igorreko Mikele auzoan. Bere lehen eskusoinua ilara bateko akordeoia izan zan. Trikitixa geroago erosi eban. Hamahiru urtegaz hasi zan plazan joten. Urte askotan itxita izan eban, gerra ondoren, etxean zituan bi soinuak ostu eutsiezalako. 1971ean bueltau zan, Leioan txapelketea irabaziz. Arteako Benantzio Bernaola 'Karakol' hil ondoren, beronen emaztea zan Maurizia Aldaiturriaga eta Leon Bilbao albokariagaz batu zan entzute handiko hirukotea osotzeko. Bizkaiko trikitixa estiloa zabaldu eben plazarik plaza. 1987an hil zan, Igorreko bere etxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!