Latinoamerika, Europa eta Afrikako dantza taldeek parte hartuko dabe Berangoko Folklore Jaialdian
2009-07-13 16:49 KultureaHiru kontinentetako zortzi taldek parte hartuko dabe datorren barikutik domekara (17tik 19ra) bitartean ospatuko dan Berangoko (Bizkaia) Folklore Jaialdian.
Hiru kontinentetako zortzi taldek parte hartuko dabe datorren barikutik domekara (17tik 19ra) bitartean ospatuko dan Berangoko (Bizkaia) Folklore Jaialdian. Simon Otxandategi dantza taldeak antolatzen dauen jaialdiaren hirugarren edizinoan, Latinoamerika, Europa eta Afrikako konpainiek esku hartuko dabe.
Edozelan be, talde guztiei harrerea gaur, hilak 13, egingo jake eta ondoren familien banaketeari ekingo jako. Datozen egunetan, 16an, eguenean, Euskal Herriko kostaldea ezagutzeko txangoa egingo dabe eta hurrengo egunean, Bilboko Guggenheim Museora joango dira bisitan.
'Taldeak ez datoz hona jantzan egiten bakarrik, egunotan geugaz bizi dira, geugaz ibilten dira. Gero, euren herrialdeetara joango dira eta Berango eta Euskadi zelakoak diran kontauko dabe', adierazo dau Simon Ontxandategi taldeko presidente Iñaki Gonzalezek. Gonzalezek autortu dau herriaren laguntzarik barik ezinezkoa litzatekela jaialdia antolatzea, atzerriko konbidatu guztiek Berangoko familien etxeetan igarotzen dituelako egunak. Bazkariak be -200 lagun inguru batu dira- sartzen dira izaera herrikoia dauen jaialdian.
Egitarauari jagokonez, barikuan, garagarrilak 17, Scottishpower Pipe Band (Eskozia), Flint (Flandes), Regionalny Zespol Piesni I Tanca (Polonia) eta Simon Otxandategi taldeek parte hartuko dabe 20:30etatik aurrera Lantzarten. Konpainia bakotxak 25 bat minutuko emonaldia eskainiko dau. Zapartuan, ordu eta toki berean, Xiberotarrak (Zuberoa), Flint, Regionalny Zespol Piesni I Tanca, Goizaldi (Donostia), Scottishpower eta Jammu balleta (Senegal) izango dira protagonista.
Jaialdia domekan amaituko da eta agertokiak eta ordua aldatuko dira. Holan, 11:00etatik aurrera, talde guztiak batuko dira Berangoko Metroaren plazan, eta ordu erdi geroago kalejirea egingo dabe denek alkarregaz herriko kaleetan zehar. Eguerdian Jalisco Estaduko Ballet Folklorikoaren (Mexiko) txandea izango da Lantzarten. Ondoren, 15:00etan, talde guztiek parte hartuko dute bazkari herrikoian. Amaitzeko, 17:00etan, Egan taldeak girotutako erromeria izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!