Euririk egingo ete dau?

Gotzon Plaza Informatikoa 2009-06-23 15:32

Hyds izeneko enpresa katalan batek hurrengo 20-30 minutuetan euria egingo ete dauen iragarteko sistemea aurkeztu dau. Informazino-iturria eguraldiaren egoerea da, hau da, tenperaturea, presinoa, airearen hezetasun horrelakoak. Datu horreekaz, eurek garatutako programa informatikoak euririk egingo dauen ala ez iragarriko deusku.

Dana daukagu prest hondartzara joateko: patata-tortilea eginda, umeek bainu-jantzia soinean eta nagusiak etxeko atea ixten. Zerua argi dago, hodeitxo txiki antzerako batzuk ikusten dira urrunean. Hondartzara joateko ez dogu denpora askorik behar, akaso 20 edo 30 minutu kotxez. Bidaian, umeak isildu barik doaz, uretara sartzeko gogo bizia daukie eta ez dakit zenbat hondar-gaztelu edo zulo egingo dituen. Patata-tortilearen usainak kotxe guztia beteten dau. Egun ederra pasauko dogulakoan gagoz. Etxetik ikusitako hodeitxo txiki hareek hodei bihurtu dira, baina gu aurrera goaz.

Murphy-ren legea jarraituz, hondartzara ailegau, kotxea aparkau, familia guztia kotxetik bajau eta: lehenengo euri-tantea sudur puntan. Lehengoari bigarrenak jarraitzen deutso. Eta hiru eta lau.

Ez da erraza eguraldiaren iragarpena egitea, aldagai asko dagozalako jokoan eta ezin diralako danak kontrolpean euki: haizearen norabide-aldaketea, presionaren beherakadea edo igoerea... Eguraldia aztertzen dabizanek ondo eskertzen dabe ordenagailuen laguntzinoa: tresna horri esker egiten dituen kalkulu eta simulazinoen bidez, bi edo hiru egunetarako iragarpena egiten dabe. Iragarpenakaz bete-betean asmetea gatxa izan arren, azken urteotan asko hobetu da: satelite eta ordenagailu gero eta hobeak erabilita, ikerketak hobeak eta sakonagoak izaten dira. Baina aurreikusitakoa ez da beti beteten.

Hyds izeneko enpresa katalan batek hurrengo 20-30 minutuetan euria egingo ete dauen iragarteko sistemea aurkeztu dau. Kataluniako Unibersidade Politeknikoaren eskutik sortutako enpreseak ordenagailu bidezko algoritmo matematikoei esker lortzen dau helburua. Informazino-iturria eguraldiaren egoerea da, hau da, tenperaturea, presinoa, airearen hezetasun horrelakoak. Datu horreekaz, eurek garatutako programa informatikoak euririk egingo dauen ala ez iragarriko deusku.

Oraingoz, ez daukie bezero-sare zabala baina, egon badagoz bezero batzuk. Berbarako, Bat Formula zein motorren lasterketa lehiaketatan darabile: lehiakideen taldekoek badakie, iragarpena kontuan izanda, ze gurpil mueta ipini. Beste adibide bat: Bartzelonan izaten dan tenis lehiaketan, partidua aurreratu zein atzeratu erabagiteko, sistema hau darabile.

Kirol mundutik aparte, Bartzelona uriko ur-hustubideak kudeatzen dituan enpreseak be darabil sistema hau, uriolak edo ezusteko ur-igoerak aurretiaz iragarteko eta ondorio latzak ebitetako.

Eguraldia iragarten dauen enpresearen amesa euren produktua aireportuetan erabiltea da eta, honezkero, München eta Frankfurt-eko aireportuetan iminiko ditue euren sistemak, eguraldi-aldaketek aire-trafikoan izaten dituen eragin negatiboak murrizteko.

Akaso, etxetik hondartzara joateko planak daukaguzanean, horrelako zeozer euki behar izango dogu eskura, eguna zelako izango dan aurretiaz jakiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu