50.000 lagun Getxoko Eskulangintza Azokan

Bizkaie! 2009-06-08 15:41   Kulturea

Getxoko 26. Eskulangintza Azokara 50.000 lagun inguru hurreratu dira. Beraz, Azokeak 2007ko emoitzak barriro be eskuratu ditu. Urte horretan lehenengo aldiz egin zan azokea haize zabalean eta igaz ez zan holako erantzunik jaso, euri zaparrengaitik gehienbat. Aurten, hiru egunetan plazea eta inguruak jentez ganezka egon dira.

Pasa dan barikuan hasi eta atzo bertan amaitutako Getxoko 26. Eskulangintza Azokara 50.000 lagun inguru hurreratu dira. Beraz, Azokeak 2007ko emoitzak barriro be eskuratu ditu. Urte horretan lehenengo aldiz egin zan azokea haize zabalean eta igaz ez zan holako erantzunik jaso, euri zaparrengaitik gehienbat. Aurten, hiru egunetan plazea eta inguruak jentez ganezka egon dira. Salmenta guneaz gan, Getxon erakustaldiak zuzenean egiteko gunea egon da eta, ohi bezela, gastronomia-saila Ibaiondo kalean kokatu zan. Salmentei jagokenez, emoitza bikainak egon dira, egoera ekonomikoa aproposena ez izan arren.

Barikuan bertan azokak jente ugari ekarri eban Getxora lehenengo ordutik. Azokan 100 salmenta-postu egon dira eta bisitariek 28 espezialidadeko artikuluak ikusteko eta erosteko aukerea izan dabe. Zapatuan eta domekan publikoak bete egin eban Areetako Geltoki plazea, nahiz eta aurten karparik ez egon eta postuen arteko korridoreak zabalagoak izan.

Ohi danez, azokeak aniztasunaren aldeko apustua egin dau. Holan, Euskal Herri osotik etorritako eskulangileez gan, Katalunia, Aragoi, Galizia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Madril, Errioxa, Asturias, Valentzia, Andaluzia eta Kantabriako partaideak egon dira, atzerritik etorritako artisauak ahaztu barik. Hori dala eta jenteak ezagutzen zituan produktuak erosteko aukerea izan dau, baita hain ezagunak ez ziranak eta eskulangintza beste era batera ulertzeko bidea emoten dabenak be. Aurten, gainera, Irlandatik, Portugaletik eta Italiatik etorritako artisauek parte hartu dabe azokan.

Era berean, zuzenean eginiko erakustaldiek arrakasta handia izan dabe aurten. Goizez eta arratsaldez, zenbait eskulangile jardun dira zuzenean, publikoak eskulanak zelan egiten diran ikusteko. Aurten, Toledoko Fátima Carrasco eskulangileak eskuz eta goruz eginiko irutearen teknikak erakutsi ditu. Bestalde, Belén Alonso eskultore asturiarrak harri-zizelkatze tekniken erakustaldia egin dau. Azkenik, José Ramón Aguirre kandelagile bilbotarrak argizaria zelan lantzen dan azaldu eta erakutsi dau; gainera, gaztetxoenek kandelagintzea ezagutu ahal izan dabe, umeentzako tailerra egon da eta. Aurten be Gastronomiaren Gunea sano arrakastatsua izan da. Bertan 14 postu egon dira eta bisitariek, besteak beste, gozokiak, ogiak, ahatekiak, txokolateak, jatorrizko deiturako gaztaiak eta garrapiñatuak erosteko aukerea izan dabe.


Datorren urteko azoka

2010eko azokeak 27. urteurrena beteko dau eta igaz hasitako filosofiari eutsiko deutso, publikoak harrera parebakoa egin deutsolako. Hori dala eta, estalperik barik egingo da azokea eta sarrerea dobakoa izango da. Horrezaz gan, zuzenean egiteko erakustaldien eta umeentzako tailerren guneak bultzatuko dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu