Eremu urriko hizkuntzetako idazleek 'sortzeko egonaldiak' egin ahal izango ditue Pasaiako Hugoenea etxean
2009-04-03 11:49 KultureaIdazlearen Etxea-Hugoenea ekimena gauzatuko dauen hitzarmena sinatu dabe eta, akordioaren arabera, Pasaiako Udalak (Gipuzkoa) etxebizitza txiki bat itxiko deutso EIEri, Donibanen, eta EIEk euskeraz edo eremu urriko beste hizkuntzetan (katalanez, galizieraz, bretoieraz, frisieraz eta abar) diharduen idazleen zerbitzura jarriko dau, bertan egonaldiak egiteko, beti be literatur sorkuntzea sustatzea helburu.
Pasaiako alkate Maider Zigandak eta Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) presidente Fito Rodriguezek Idazlearen Etxea-Hugoenea ekimena gauzatuko dauen hitzarmena sinatu dabe Donibaneko udaletxe zaharrean. Akordioaren arabera, Pasaiako Udalak (Gipuzkoa) etxebizitza txiki bat itxiko deutso EIEri, Donibanen, eta EIEk euskeraz edo eremu urriko beste hizkuntzetan (katalanez, galizieraz, bretoieraz, frisieraz eta abar) diharduen idazleen zerbitzura jarriko dau, bertan egonaldiak egiteko, beti be literatur sorkuntzea sustatzea helburu.
Aurkezpen ekitaldian, Pasaiako Udalaren partetik, alkateak eta Kultura zinegotzi Ander Pozak parte hartu dabe; Euskal Idazleen Elkartetik, barriz, Fito Rodriguez presidenteak eta Iratxe Etxebeste zuzendariak.
Rodriguezek esan dauenez, munduan badira idazlearen etxe batzuk, 'baina arrazoi ideologikoengatik-edo ihesean dabiltzan idazleei aterpe emoteko sortu ditue, hau da, errepresinoaren erantzun legez. Sorkuntza bera sustatzeko idazlearen etxerik, barriz, ez dogu ezagutzen. Alde horretatik, Hugoenea ekimen barritzailea eta aitzindaria dala uste dogu'.
Hugoenea eremu urria daben beste hizkuntzetako idazleei zuzenduta dagoala be nabarmendu dau, hau da, estaduen aldetik behar dan besteko babesik ez daben hizkuntzetako idazleei. 'Estaduaren babesik ezak, batetik, eta, bestetik, eremu zabaleko idazleak hobesten dituan merkaduak desabantaila nabarmenean jarten ditue eremu urriko idazleak. Hugoenea desabantaila hori leuntzen laguntzeko tresnea izan daiteke', esan dau Rodriguezek.
Ekimenaren izenari jagokonean, Hugoenea ez da kasualidadea; izan be, Idazlearen Etxea Victor Hugok ostatutzat hartu eban lekutik oso hur dago. 'Hugoenea Victor Hugok hasitako bidearen jarraipena izan daiteke', esan dabe.
Interesa daben idazle edo sortzaile bakotxak, gehienez, 15 eguneko egonaldia egin ahal izango dau, gero, behar dan moduko justifikazinoagaz, epe hori luzatu ahal izango dan arren. Ganera, ezer baino lehenago, egonaldian egiteko lanaren ganeko proiektua azaldu beharko dau. Ostean, edozein generotako lana egingo dau, beti be sorkuntza-lana; egonaldiak dirauen bitartean, udaletxean, herriko eskolan edo kultur etxean bere lanaren barri emongo dauen ekintza batean parte hartzeko prest egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!