Gastronomiaren unibersidadea abian

Bizkaie! 2009-03-24 17:38   Dietetika eta nutrizinoa

Holako ikasketak eta ikerketea eskaintzen daben munduko bost erakunde onenen artean izateko helburuagaz jaio da Basque Culinary Center. Aitagarria, Europan unibersidade mailako gastronomia ikasketak emongo dituan bigarren zentroa izango dala Donostiakoa; gaur egun Italian baino ez dago horretarako aukerea.

2011n hasiko da eskaintzen Mondragon Unibersidadea Sukaldaritza Arteetako unibersidade-gradu ikasketak baina segurutik gradu ondoko tituluak lehenago eskainiko ditue. Lau izango dira aukeran: Barrikuntza eta Kudeaketa Goi Sukaldaritzako masterra, Janari Zerbitzu eta Jatetxe Kudeaketako masterra, Elikadura Zientzia eta Teknologiako masterra, eta Komunikazinoa eta Gastronomiako masterra. Etenbako prestakuntzako ikastaroak be emongo ditue.

Ikerketa Zentroan, barriz, sei arlo jorratuko ditue: heziketa eta elikadura ohiturak, elikadura mailako gizarte ardurea, elikadura jokerak, barrikuntza sektoreko enpresen kudeaketea, gastronomiagaz lotutako teknologien garapena eta elikagaia preparau, aurkeztu eta kontserbatzearen ingurukoa.

Kontuak kontu, atzo sinatu eben Donostian proiektua abiarazo eta zuzenduko dauen Basque Culinary Center Fundazinoaren eraketea. Iosu Zabala Mondragon Unibersidadeko erretorea izango da Basque Culinary Center Fundazinoko patronatuko kideetako bat. Ganerako zazpi kideak euskal sukaldari ezagunak izango dira: Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz, Karlos Argiñano, Juan Mari Arzak, Eneko Atxa, Martin Berasategi eta Pedro Subijana.

Horrezaz gan, Fundazinoko partaide izango dira proiektua diruz lagunduko daben erakundeak: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea eta Espainiako Gobernua. Era berean, etorkizunean elikadura sektoreko enpresak be gehituko jakezala espero dabe proiektuaren kudeatzaileek.

Holako ikasketak eta ikerketea eskaintzen daben munduko bost erakunde onenen artean izateko helburuagaz jaio da Basque Culinary Center. Aitagarria, Europan unibersidade mailako gastronomia ikasketak emongo dituan bigarren zentroa izango dala Donostiakoa; gaur egun Italian baino ez dago horretarako aukerea.

Hamalau miloe euroko inbersinoa behar dauen zentroak Donostian izango dau egoitzea, baina oraindino ez dabe zehaztu kokapena. Odon Elorza Donostiako alkateak adierazitakoaren arabera, segurutik Miramongo Parke Teknologikoan udalak itxitako lurretan eregiko dira aurreikusitako bi eraikinak: fakultadea eta ikerketa zentroa hartuko dituana bata eta ikasleen egoitza bestea.

Proiektuari babesa emon deutsen sukaldarien izenean, Pedro Subijanak adierazo dau Gastronomia Zientzien Fakultadea aspaldiko amesa izan dala. Horrezaz gan, 'orain umeentzako gai honeen inguruko hezkuntzea eskatuko dogu, hori be falta da eta' esan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu