II. 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenari Toti Martinez de Lezeak eta Jose Luis del Corral idazleek ekingo deutsie

Bizkaie! 2009-01-19 17:45   Kulturea

Programearen helburua, lehen mailako idazleakazko alkargunea sortzea izan da, idazteko ofizioagaz zerikusia daben gaiak alkarrizketearen bidez aztertuz.

Jentaurreko berbaldi batez literaturgileakana hurreratzea proposatzen dauen Kultura eta Hezkuntza Sailaren 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenak bigarren denporaldia hasiko dau bihar, martitzena, urtarrilak 20, Toti Martínez de Lezea eta José Luis de Corral idazleek eleberri historikoaz eskainiko daben berbaldiagaz. Zezeilean, programeak Kirmen Uribe eta Vicente Molina Foix alkartuko ditu fikzinoaren mugak araka daiezan, eta martian, Bernardo Atxagak eta Joxemari Iturraldek irakurteko eta idazteko ekintzaz hitz egingo dabe. Atxaga eta Iturralderen arteko topaketea euskeraz egingo da oso-osorik, baina nahi dauenak gaztelaniaz be entzun ahal izango dau bat-bateko itzulpen zerbitzuaren bidez.

Topaketa guztiak martitzenetan, 19:30etatik aurrera, egingo dira Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, hileroko maiztasunaz eta kazetari espezializatu baten aurkezpen eta gidaritzapean. Lehen hiruhilekoko programazinoa gaur goizean aurkeztu dabe Bilboko Udaletxean Iñaki Lopez de Aguileta, Kultura Saileko Zuzendariak eta lehen topaketako partaide Toti Martínez de Lezea idazleak.

Kontuak kontu, 'Eztabaidak Literatureagaz' programearen denporaldi barriko lehen hitzordurako, eleberri historikoan espezializautako idazle bi alkartuko dira. Azken urteotan, hauxe izan da irakurleen generorik gustukoenetakoa. Alde batetik, Euskal Herriko Erdi Aroan girotutako narrazinoei esker arrakasta handia lortu dauen Toti Martínez de Lezea gasteiztarrak parte hartuko dau. Beragaz batera agertuko da José Luis del Corral, Zaragozako Unibersidadeko Historia irakaslea, eleberrietan Cid lako personaiak edota Numantzia, Trafalgar eta Independentziaren Gerra lako jazoerak landu eta '1492: paradisuaren konkista' filman Ridley Scott zinegilearen aholkularia izan zana. Herri Irratiko Juanma Jubera kazetaria arduratuko da topaketea aurkezteaz.

'Eztabaidak Literatureagaz' igazko zezeilean abiatu zan Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta ordutik, honako idazle-bikoteak izan ditu hizlari: Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belen Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel de Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Aramburu eta Pedro Ugarte, eta Luis Sepulveda eta Unai Elorriaga.

Topaketa honeen lehen edizinoak harrera ezin hobea izan eban 2008an, izan be, 1.300 lagun inguru erakarri zituan.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen hau idazleei hurbiltzeko era barri eta barritzailea da, aldez aurretik aukeratutako aztergai bati buruz hitz egiteko konbita luzatzen deutsena. Idazle bakotxaren azken lana aurkeztu beharrean, horixe izaten baita jenteak idazleakaz hartu-emonetan sartzeko dauen aukera bakarrenetakoa, irakurleen interesekoak izan daitekezan gaiak eztabaidatzea proposatuz. Programearen helburua, lehen mailako idazleakazko alkargunea sortzea izan da, idazteko ofizioagaz zerikusia daben gaiak alkarrizketearen bidez aztertuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu