Artelan Berreginen Museoan Belen-erakusketea izango da Bizkaiko Belenzaleen Alkartearen 50. urteurrena ospatzeko
2008-11-03 13:48 KultureaBizkaiko Belenzaleen Alkartearen sorrerearen berrogeita hamargarren urteurrenean eta Estaduko Belenzaleek Bilbon egingo daben XLVI. Biltzarraren haritik, Museoak jaiotza-estilo desbardinen historia laburbiltzen dauen ibilbidea eskainiko dau zemendiaren 16ra arte.
Gabonaldia apur bat aurreratu da Bilboko Artelan Berregin Museoan urteko sasoi horren sinbolorik bereizgarrienetako baten bidez, belenen bidez, hain zuzen be. Bizkaiko Belenzaleen Alkartearen sorrerearen berrogeita hamargarren urteurrenean eta Estaduko Belenzaleek Bilbon egin daben XLVI. Biltzarraren haritik, Museoak jaiotza-estilo desbardinen historia laburbiltzen dauen ibilbidea eskainiko dau zemendiaren 16ra arte, 150 figuraz eta konposizinoaz osotutako erakusketa baten bidez. Sarrerearen prezioa (3 euro) eta ordutegiak ohikoak izango dira, eta belenez gan Museoko bildumea be bisitau ahal izango da.
Alanbrez egindako figurarik apalenetatik hasi eta personaien jantzi eta osogarriak zehatz-mehatz irudikatzen dituen napoliar estiloko figuretaraino, erakusketeak era askotako konposizinoak batzen ditu, mende erdiko artelanak eta erakusketarako propio egindakoak buztartuz.
Gehienak neurri handiko figurak dira (35 zentimetro ingurukoak), murtziar estilokoak, gure etxeetako belenetan ikus daitekezan modukoak. Esangura horretan, erkidego horretako artisau batzuek (belenen produkzinoko gaur egungo eskolarik garrantzitsuenetako bat) beren azken lanak aurkeztuko ditue.
Artisauek aurkeztuko dituen figura eta konposizinoen artean, Bizkaiko Belenzaleen Alkartearen eskariz landutako euskal eta bilbotar belenak nabarmendu behar dira. Horreetan, ohiko jaiotzetan agiri diran artzain eta ikuzleen ordez, angulariak eta baserriko neskak ikus daitekez.
Bilboko Artelan Berreginen Museoa 2006ko zemendian berredegi eben Mariaren Bihotza eleiza zaharrean dauen oraingo kokalekuan, eta Bizkaiko uriburuan dagoan museorik aspaldikoenetakoa da. Orain 80 urte sortua, era honetako museorik onenetakoa da, bilduman dituan artelan berreginen kalidade eta zabaltasunari erreparauta. Eskultura arloko garai guztietako artelan handien kopia zehatzak batzen ditu, besteak beste, Samotraziako Garaipena, Milosko Venus edota Migel Angelen Moises. Ia hamar urtetan zarratuta egon ondoren, gaur egun aparteko eraikin batean kokatu izanaren balio erantsiaz aurkezten da publikoaren aurrean, estilo gotiko barrian diseinatutako XIX. mende amaierako eleiza zahar batean, hain zuzen.
Berreginen Museoa
Mariaren Bihotza Eleiza
San Frantzisko, 14 Bilbo
www.bilbokoberreginenmuseoa.org
Ordutegia
Martitzenetik zapatura, 10:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:00etara
Domekatan, 10:00etatik 14:00etara
Astelehen eta jaiegunetan zarratuta
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!