'Mortadelo eta Filemon' eta TMEO aldizkaria omenduko ditu Getxoko Komiki Azokeak

Bizkaie! 2007-11-15 14:05   Kulturea

Zemendiaren 23tik 25era, binetearen mundua protagonistea izango da Getxon. Aurten, azokeak 6 urteko ibilbidea beteko dau eta, hori ospatzeko, gune barri bat izango dau: Manga Gunea. Bestalde, azokeak Ibáñez artistea eta TMEO aldizkaria omenduko ditu.

Aurten 6 urteko ibilbidea beteko dau Getxoko Komiki Azokeak eta, hori ospatzeko, gune barri bat izango du: Manga Gunea. Nobedade horretan komiki japoniarraren zaleek hainbat ekitaldiz gozau ahal izango dabe. Zemendiaren 23tik 25era binetearen mundua protagonistea izango da Getxon, bai Areetako Geltokia plazan (karpa nagusia izango da bertan), bai Santa Eugenia plazan (Mangaren Gunea izango da bertan). Sarrerea 2 eurokoa izango da.

Danetara, 90 bat postu egongo dira. Komiki-dendak, liburu-denda espezializauak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteari loturiko hainbat sektore egongo dira. Esparru komertzialaz gain, hainbat ekitaldi egingo dira hiru egun horreetan.

Ohikoa danez, nazinoarteko egileak etorriko dira azokara. Horreek danek berbaldietan, aurkezpenetan eta sinatze-txandetan parte hartuko dabe. Aurtengo azokan Miguelanxo Prado, Eduardo Risso, Andy Riley, Santiago Valenzuela, Farid Boudjellal eta Mark Buckingham egileak izango dira eta azokeak TMEO aldizkaria eta Ibáñez (Mortadelo eta Filemón irudien 50. urteurrena ospatzeko) omenduko ditu.

Erakusketa garrantzitsuak be izango dira. Seigarren ekitaldi honetan TMEO komiki aldizkari gasteiztarraren 20 urteko jarduerearen ganeko erakusketea, Hideshi Hino sortzaile japoniarraren lanak eta MAN egilearen lanak izango dira ikusgai. Azkenik, 'Xabiroi' euskerazko komiki aldizkariaren eta Estudio Kôsen proiektua osotzen daben egileen erakusketez gozetako aukerea be izango da.

Manga Gunean, lehiaketak (mozorroak, karaokea…), tailerrak, mahai-inguruak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Horreen artean Espainiako 'Pump It Up' lehiaketako finala nabarmendu behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu