Erositakoa faltsua dala? SMSa bialdu

Gotzon Plaza Informatikoa 2007-10-22 15:54

Errusiako Kristall vodkea egiten dauen enpreseak botila bakotxean kode bat imini dau; kode hori SMS baten bitartez bialtzen badogu euren web gunera, erosi dogun vodka benetakoa dan ala ez erantzungo deuskue. Bestalde, botila hori faltsua bada, holan esaten deuskue beste SMS baten bitartez.

Gure herrian, paseoan goaz, prisa barik. Halako batean, edozein txokotan ‘saltzaile’ bat ikusten dogu musika CDak edota pelikulak eskainiz. Argi dago, pirateauta dagoz eta merke baino merkeago erosteko aukerea daukagu, dendetako prezioakaz konparauta. Legez kontrakoa da baina…

Beste adibide bat, gure herrietako azoketan markako zapatilak topauko dozuez. Zapatilak, arropak, poltsoak edo erlojuak, danak dira markakoak baina guztiok dakigu faltsuak dirana. Hor be ez dago dudarik. Baina, akaso, denda ‘fidagarri’ batera joaten garanean (halakoa dala uste dogu behintzat), bata bestearen ordez emongo deuskue, guk benetakoaren prezioa pagau bai baina gero jakingo dogu erositakoa ez dala guk pentsau dogun modukoa, hau da, hau be faltsua dala.

Hor agertu dira ba azken asteotan Idiazabal gaztaiagaz pasautakoak; hemen be hain garbiak ez diran bideak jorratu diralako. Txakolinagaz be antzeko zeozer pasau ei zan, gure inguruko kasuetara mugatzen bagara.

Errusian arazoa larriagoa da, izan be, herritarren bizitza dago arriskuan. Bertako herritarrek neurriz kanpo edaten dabe, holan entzuten dogu sarri. Eta edaten dabena ez da ura izaten, ezta gaseosea be. Hemen vodkeari emoten ei deutsiez zurrutada galantak. Hau larria da baina larriagoa da, edaten dabena vodka izan beharrean edozein alkohol erabiliz egindako ‘edabe magikoa’ danean. Bertako Barne Ministerioaren kalkuluen arabera, holako edabe kaxkarren eraginez 40.000 persona hilten dira urtero.

Kontuak kontu, Errusiako Kristall vodkea egiten dauen enpreseak botila bakotxean kode bat imini dau; kode hori SMS baten bitartez bialtzen badogu euren web gunera, erosi dogun vodka benetakoa dan ala ez erantzungo deuskue. Bestalde, botila hori faltsua bada, holan esaten deuskue beste SMS baten bitartez. Gainera, faltsua danean, Kristall enpresa honek bere aldetik produktu faltsuaren analisia egiten deusku doban eta holan guri botila hori saldu deuskun dendara joan eta erreklamazinoa egin geinke edota gura izan ezkero, salaketa judiziala egiteko aukerea be izango dogu. Kristall enpresa honek bertako telefonia enpresa bategaz egin dau tratua eta bialtzen dan SMS-ari atoko erantzuna emoten jako. Momentuz vodka marka bategaz hasiko dira sistema hau apliketan baina urtea amaitu orduko, euren produkzinoko marka erdiak egokituta egongo dira sistema honetara.

Internet-en be egin daiteke proba hau (http://kristall.ru); web gunea errusieraz dago. Kristall enpresa hau, Errusiako Estaduak kontroletan dituan 200 alkohol fabriketatik nagusiena ei da ete euren produkzinoa urtean 12 miloe dekalitrokoa da. Errusiako alkohol fabrikak kudeatzen dituan RosSpiritProm konpainiak aurreratu dau erantzuna ona balitz, beste enpresa guztietara be zabalduko leukiela kontrol sistema hau.

Gurean be, gogoan hartzeko aukerea da gaztai edo txakolin botiletan edo beste edozein produktutan holako sistema bat garatzea, hain zuzen, era horretara, kontsumitzaileari segurtasun handiagoa eta produktuen kalidadea bermatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu