Getxoko kaleak argazkiz jantziko dira

Bizkaie! 2007-09-12 02:00   Kulturea

Irailaren 13tik urriaren 5era arte, Getxoko 17 gune publikotan, GETXOPHOTO argazkintza jaialdia egingo da, 'espazio urbanoak erabilera kulturaletara hurreratzeko helburuagaz'.

Irailaren 13tik urriaren 5era arte, Getxoko 17 gune publikotan, GETXOPHOTO argazkintza jaialdia egingo da, Begihandi alkarteak antolatuta eta Getxoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz.

‘Helburua espazio urbanoak erabilera kulturaletarako berreskuratzea da eta, bide batez, argazkigintza eta irudiagaz lotuta dagozan ekintza desbardinak herritarrakana hurreratzea’, esan dau Getxoko alkate Imanol Landak.

GETXOPHOTO jaialdiak bi atal nagusi izango ditu: alde batetik, erakusketak egongo dira 17 gune publikotan (fatxadetan, parkeetan, erakusleihoetan, plazetan, Algortako merkaduan edota Portu Zaharrarrean). Bestetik, irailaren 13tik 16ra argazki jaialdia egingo da Algortan, Jokin Aspuru Begihandi alkarteko bozeroaleak jakinarazo dauen legez.

GETXOPHOTOn nazinoarte mailan ezagunak diran argazkilarien argazkiak ikusi ahal izango dira, tartean Venezuelako Antonio Briceñorenak, Argentinako Marcos Lopezenak, Frantziako Vincent Rosenblattenak, Brasileko Numo Ramarenak, Peruko Javier Silva-Meinelenak edota Kolonbiako Manuel Vázquezenak. Horreen guztien oinarria Hegoamerika izango da, GETXOPHOTOren komisario nagusi Alejandro Castellotek azaldu dauenez.

GETXOPHOTON hurreko argazkilariak be egongo dira, besteak beste, Sergio Caro, Ricky Dávila, Mikel Eskauriaza, Carlos Terreros, Juan Carlos Tomas eta Jorge Yeregui. Horreez gan, Yuyanapag (Comisión de la Verdad y Reconciliación de Perú), Olhares do Morro (Rio de Janeiroko faveletako argazkilari taldea ), Itsas-Memoria (Euskal Museoko 1900. urteko argazki bidumea), Bestelako postalak (Getxoko idendidatea helarazoten dauen argazkigintza proiektua) edota Konra Mugertza-ren eskutik, Getxoko argazkien ganeko erakusketea ikusteko aukerea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu