Heldu zein umeei zuzendutako ekitaldiak izango dira Getxoko Txotxongilo Jaialdian

Bizkaie! 2007-06-05 02:00   Kulturea

Bagilaren 15, 16 eta 17an, Euskal Herriko txotxongilo taldeak batzen dituan Unima alkarteko 14 txotxongilo antzerki-taldek euren emonaldiakaz alaituko dabe herria. Tartean, solasaldiak, tailerrak eta gala berezia izango dira.

Bagilaren 15, 16 eta 17an, Euskal Herriko txotxongilo taldeak batzen dituan Unima alkarteko 14 txotxongilo antzerki-taldek euren emonaldiakaz alaituko dabe Getxo. Orain dala sei urte sortu zan Txotxongilo Eguna, Abadiñon. Ostean, edizino bi Getxon izan ziran, beste bat Sondikan eta aurten Getxok hartu dau barriro lekukoa. Jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoan Getxoko Kultur Etxeko presidente Elena Coria, Unima Euskal Herria alkarteko presidente Encarni Genua eta Txotxongilo Eguna 2007ko koordinatzaile Javier Perez izan dira. Coriaren esanetan, ‘oso garrantzitsua da guretzat, aurreko urteetako arrakastea ikusita, txikiei zein helduei zuzendutako jaia antolatzea’.

Areetako Geltokiko Plazatik Erromoko Santa Eugenia Plazara bitartean, baita udalerriko hainbat lokaletan be, Andres Isasi Musika Eskolan eta San Jose Parrokiako Ekitaldi Aretoan berbarako, ikuskizun barrien emonaldiak egingo dira. Tuteratik etorritako ‘Colectivo Humo’ taldeak Benjamín el viajero lana eskainiko dau; Otxandioko ‘Antzezkizuna’ taldeak Josetxu eta Ortzadarra, Getxoko Rosa Martinezek Beti Lagun, ‘El Tenderete’ bilbotarrak Hamaika gatazka eta beste hainbeste ikuskizun izango dira gozetako. Inaugurazino ofizialerako, 15ean (ostirala) Jordi Bertranen konpainiaren emonaldi nagusia izango da, ‘Ofelia’ izeneko obrearen estreinaldia. Obra hori, Perez koordinatzailearen esanetan, ‘nagusiei zuzenduta dago berenberegi, txotxongiloak nagusientzako be badirela aldarrikatzeko’. Beltran katalana da eta oso ezaguna txotxongiloen antzerki-konpainien arloan.


Nobedadeak: II. Unima jaialdia eta solasaldiak

Igazko esperientzia ikusi ostean, Unima alkarteak bigarrenez antolatu dau jaialdi berezia. Bagilaren 16an, zapatua, Santa Eugenia Plazako karpan, gaueko hamarretatik aurrera, Euskal Herriko 13 txontxongilo antzerki-taldek euren sormenen erakusketa bateratua egingo dabe. Ekitaldian, taldeek pieza laburrak antzeztuko ditue, Jordi Beltranen zuzendaritzapean. Gala hori be nagusiei zein umeei zuzenduta dago.

Bestalde, gala horretan parte hartuko daben taldeakaz egin beharreko proben ostean, Beltran zuzendaria eta txotxongilolariak kirol portuko terraza batean, Txo izenekoa, batuko dira arloaren inguruko gai interesgarrien ganean berba egiteko. Mahai-inguru informal horreetara edonor hurreratu daiteke entzule legez.


Tailerrak

Hilaren 16 eta 17an, 11:30etatik 14:00etara goizean eta 17:00etatik 19:30era arratsaldez, Txotxongilo Egunaren bisitariakaz lan egiteko eta gozetako tailerrak izango dira. Berbarako, Getxoko Rafael Villa margolariaren eta Maribel Tena artisau nafarraren zuzendaritzapeko Txotxongiloak Eregiteko Tailerra Areetako Geltokiko Plazearen Pergolapean izango da. Bertan, umeek eta ez hain umeek txotxongiloak egiteko aukerea izango dabe.

Txotxongiloen tailerren osogarri legez, Makillajearen Tailerra izango da. ‘Sortzen’ izeneko Arte Ederren lizentziadunen taldeak veneziar estiloko marrazki artistikoa arpegian eroan gura daben ume eta helduen arpegiak margoztuko ditue. Tailerra Ibaiondo kalean egingo da.


Artisautzako miniferia eta erakusketea

Zapatuan eta domekan, hainbat artisauk euren lanak erakusgai jarriko ditue, bertara hurreratutako bisitariei produktuak preziorik onenean eskaintzeko. Txotxongiloaren artisautzearen arloan hainbat urtetako esperientziaren ostean egindako lanak ikusgai izango dira.

Ganera, bagilaren 12tik 17ra bitartean, Erromoko Kultur Etxeko erakusketa-gelan Mundu Osoko Txotxongiloen Argazki Erakusketea egongo da. Argazki horreek Nati Cuevas argazkilari bikainak egin ditu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu