Agur, bai agur DVDari

Gotzon Plaza Informatikoa 2006-12-13 01:00

EVD, Enhanced Versatile Disc sistema barria kalidade handiagokoa da eta disko bakotxean informazino gehiago gorde daitekela esaten deuskue adituek.

Txinatarrak beti saltsan eta horreek bitartean badabilz, kontuz ibili gaitezan planetako biztanle guztiok. Teknologiari jagokonez, esaldi hau egia biribila baino ez da. Egia da, oraindino arlo batzutan ez daukiena mendebaldeko enpresa puntatakoen maila teknikorik baina laster produktu tenologiko txinatarrak gaur egun estadubatuar edota japoniar mailakoen gainetik egongo dira.

Adibide garbia? Hor doatzue bat, baina beste batzuk be aztertzekoak izan leitekez. Ia gaurko Euskal Herriko edo gura badogu Europako etxe guztietan edo gehienetan egon badago DVD tresnaren bat. Bateren batek oraindino zintak erabiliko dauz baina holako nostalgikoak gero eta gitxiago dira. Bideo-zintakaz konparauta, DVD-ak aurrerapausu makala ekarri eban gure aisialdira: irudiaren kalidadea, soinuarena, filmak hizkuntza desbardinetan ikusteko zein zoom-ak egiteko aukerea, holakorik ez egoan bideo zaharrakaz. Sistema hau garatu ebenak japoniar enpresak izan ziran, talde bat osotuz: Hitachi, Matsushita, Toshiba, JVC, Mitsubishi eta Time Warner (azken hau japoniarrek erosi eben).

Dana dala, merkatu legeak jarraituz, hau da, etekin handiena eta gasturik txikiena bilatuz, azken urteotan merkaturatutako gehienak, % 90 inguru Txinan eginikoak dira. Jakina, bertako soldata murriztuakaz, lanordu luzeakaz eta bertako gobernuak emoten dauzen laguntzinoak tarteko, beste enpresa askok eta askok egiten daben moduan, japoniar taldeak bere lana txinatarrei enkargetan eutsien. Bertako produktuak akaso munduko merkeenen artekoak izango dira baina halan da guztiz be txinatar enpresek japoniar taldeari, patenteak zirala eta, bost dolarreko (3,7 euroko) tasea pagau behar eutsen ale bakotxeko.

Honek zer esan gura dau? Ba gauza bi gitxienez, bata txinatarrek euren etekinetik zati bat japoniarrei pagau behar deutsiela eta, bestetik, beti izango dabela teknologia menpekotasuna japoniarrakaz. Ondorioa? ‘Zergaitik pagau guk geuk egin ahal badogu’, pentsauko eben gure lagun txinatarrek. Ba hor dago gakoa, bederatzi enpresa txinatar batuz eta gobernuaren bultzadeagaz E-world Technology taldea osotu eta lanean hasi ziran 1999an. Eta, jakina, honeek lanean hasten diranean, kontuz gero. Hor dakarre ba emoitzea: EVD-a (Enhanced Versatile Disc).

Sistema barria kalidade handiagokoa da eta disko bakotxean informazino gehiago gorde daitekela esaten deuskue adituek. Holako bakotxa 65 eurotan edo salduko dala be argitu dabe. Eta eurentzat, txinatarrentzat, etekinak laster agertuko dira: eurena dan teknologia garatuz eta erabiliz, ez dabe ezelako patente tasarik pagau behar eta etorkizunean (akaso ez hain urrun), sistema barriak gaurko DVD sistemari aurrea hartzen badeutso, ganerako herrialdeok pagau beharko dogu txinatar teknologia erabilteagaitik. Lotan egoan erraldoia aspaldi izartu zan. Holako aharrausi bategaz ez bagaitu irunsten, pozik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu